- Belar Hockeya
Reala eta Atletiko, uste baino okerrago
DONOSTIA
Ez da asteburu ona izan Ohorezko Mailan dabiltzan bi euskal taldeentzat. Nesketan, Realak 1 eta 1 berdindu zuen etxean Taburiente taldearen aurka, eta mutiletan, Atletiko San Sebastianek 3-2 galdu zuen Terrasaren aurka.
Nesketan, Reala etxean ari zen, eta aurrez aurre sailkapeneko azken-aurreko taldea zuen. Beraz, puntuei etxean eusteko aukera paregabea zuten Realeko neskek, baina ez zuten asmatu. Zuri-urdinak ez ziren ongi aritu, eta norgehiagoka osoan asmatu ezinik aritu ziren. Lehen zatia golik gabe amaitu ostean, bigarrengoan, kanpotarrak aurreratu ziren markagailuan, eta Guajardo argentinarrak berdindu zuen.
Honako hauek jokatu zuten Realean: Lopez de Egilaz, Jaunarena, Azkoaga, Yarza, Altuna, Flores, Larañaga, Sanz, Blanco, Guajardo eta Poza. Etxebestek eta Ruizek ere izan zituzten minutu batzuk jokatzeko aukera.
Atletiko San Sebastianek ere aukera paregabea zuen puntuak poltsikoan hartu eta Terrasatik etxeratzeko, sailkapeneko azkeneko sailkatua baitzuen aurrez aurre, baina esku hutsik itzuli behar izan zuen. Donostiarrek hobeto jokatu zuten, aukera gehiago izan zituzten, baina kamuts ibili ziren atearen aurrean, eta azkenean ezin garaipenik lortu.
2-0 galtzen aritu ostean, Gorritik eta Astierrek lortutako golei esker, berdinketa jarri zuten markagailuan, baina amaieran etxekoek egin zuten hirugarren gola.
Honako hauek jokatu zuten Atletikon: Zuloeta, Gonzalez, Gorriti, Jon Kamio, Piñeiro, Azkoaga, Rey, Iker Kamio, Mendizabal, Oscaris eta Astier. Usarraga eta Lorente ere aritu ziren partidan.
|