Aitor ELKORO | PILOTARIA
Eulatek nola erantzuten duen, hortxe dago gakoa
Aimarrek eta Zearrak bikote klasikoa osatzen dute: atzelari segurua eta aurrelari errematatzailea. Irujo eta Eulateren kasuan, Juan da, batez ere, erritmoa markatzen duena. Finalaren gakoa Eulatek egin dezakeen jokoan dagoela uste dut. Nahita edo piloteoaren poderioz, Aimarrek eta Oierrek lan handia egitera behartuko dute Martinez de Eulate, eta Pedrok asmatu ala ez hortxe erabakiko da seguruenik neurketa.Eulatek ongi eusten badu kontrarioen jokoa, berak eta Irujok aukera asko izango dituzte txapela janzteko. Baina zalantza nagusia horixe izango da. Kontuan hartu behar da Irujo-Eulatek finala irabazi beharko dutela, Olaizola-Zearrak ez dutelako ezer oparitzen. Irujok, berriz, gehiago arriskatzen du eta arriskatuz gero, galtzeko aukerak gehiago izaten dira. Hotz-hotzean begiratuta, Olaizola II.a eta Zearra faboritoago direla esango nuke. Pedro oso ongi ikusi dut txapelketa osoan. Oso lasai jokatu du; egia esateko, harritu ere egin nau bere jokoak. Finalari begira, ordea, komunikabideak gainean izango ditu; presio handia nabarituko du eta Ogetako zorua nolakoa den jakinda, asko sufritu beharko du. Ogeta pilotaleku nahiko berezia da. Egun hauetan asko ari dira hitz egiten frontoi horri buruz eta ez da harritzekoa. Frontoi industrialetan, frontoi historikoetan, pilotaleku zailena dela esango nuke. Oso lur azkarra dauka, pilotak abiadura handia hartzen du, eta errebotea urrun samar daukanez, pilota nahiko biziak jartzen dituzte normalean Gasteizen jokatzeko. Faktore horiek denak pilatu egiten dira eta azkenerako atzelarientzat oso zaila egiten da pilotara jarri eta eroso jokatzea. Gertatu izan da partida oso azkar haustea, baina finala borrokatua izango da. Puskatzekotan, lehia Irujok puskatuko du bere pilotakada indartsu horiekin, sakearekin eta jartzen duen erritmoarekin, baina lehia gogorra izango da. Lehen esan bezala, Aimar Olaizolak eta Oier Zearrak beren partidua egingo dute eta ez dira pilota asko galtzen dituzten mutilak. Horregatik, Irujok eta Eulatek sekulako lana egin beharko dute irabazteko. Erakutsi dute lehen ere badirela horretarako eta gehiagorako ere gai, baina finala finala izaten da beti, eta garaipenak gehiago kostatzen dira. Horiek kontuan hartuta, Olaizola eta Zearra faboritoago ikusten ditut. -
|