GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-04
«Euskal Herria Jamaika Clash», bizipoza eta borroka gogoaren isla
Munduko hamar herrialdetan batera jarriko dute gaur salgai Fermin Muguruzaren disko berria: «Euskal Herria Jamaika Clash». Izan ere, Kingstonen grabatu duen lan hori Euskal Herriko eta Jamaikako kulturen arteko «talka»ren ondorio da. Bertan, musikari euskaldunek ez ezik, jamaikar askok ere hartu dute parte, hala nola, Steel Pulse, Black Uhuru, I-Threes ­Rita Marley barne­, Toots and the Maytals edota Lucianok. Atzo Koldo Mitxelenan eginiko aurkezpen ekitaldian, disko berriari darion «bizipoza» eta aldi berean herrien eta pertsonen eskubideen alde borroka egin «beharra» nabarmendu zituen Muguruzak.

DONOSTIA

Iñaki Bad Sound System-en musika lagun, bene-benetako jai giroa izan zen nagusi atzo eginiko “Euskal Herria Jamaika Clash”en aurkezpen ekitaldian. Koldo Mitxelenako aretoa lagunez ­eta etxekoez­ beteta, Muguruzak berak eta Jamaikarako «espedizioan» parte hartu duten gainerakoek ­Xabi Solanok, Jon Elizaldek eta Xabi Peryk­ «abentura»ren nondik norakoaren berri eman zuten, eta, horrez gain, bertaratutakoek bi bideoklipekin gozatzeko aukera izan zuten. Lehenengoa Kingstonen bertan egina da, diskoaren grabazioak iraun duen bitartean; bigarrena, berriz, ordenagailu bidezko animazio bat da, hiru dimentsiokoa, ITP eta Manolo Gilek egin dutena. Biak ala biak, ederrak.

Muguruzak gogorarazi zuenez, Jamaikako erritmoak etengabeko erreferente izan ditu bere musika ibilbideari Kortatun hasiera eman zionez geroztik. «Negu Gorriak taldearekin, Dub Manifestekin... nire disko guzti-guztietan, baita ‘Ireki ateak’ bortitz hartan ere, Jamaikako keinu bat, doinu bat, kadentzia bat, dena delako bat aurki daiteke», esan zuen.

Jamaikako musikarekiko sentitzen duen pasioa ezagututa, Jimmy Cliffekin-eta jo duen Pierre Paparembordek Karibeko uhartean bertan zerbait egiteko aukera aipatu omen zion orain dela urte batzuk. Aukera hori urteotan mamitzen joan da Muguruza, eta langintza horretan Xabi Peryrengan konplizitate berezia aurkitu du.

Azkenean, Kingstoneko Clive Hunt ekoizlearekin harremanetan jarri eta harreman hori izan omen da ametsa gauzatzeko giltzarrietako bat. «Han, ekoizlea ez da soilik musikariak kontratatzeaz eta grabazioa zuzentzeaz arduratzen den pertsona. Ostatu eta, oro har, gure intendentzia guztiaz arduratu da, baita han hark gonbidatuta geundela jakinarazteaz ere. Izan ere, haren itzalari esker naturaltasun handiarekin mugitu gara turistak-eta ongi etorriak ez diren hainbat girotan. Eta sekulako harrera egin digute», esan zuen Muguruzak.

Diskoaren «hezurdura» (maketa) urte oso batez prestatzen jardun ondoren, musikari irundarrak e-mailen bidez bidali zion iaz Hunti. Aurten bertan, berriz, Pery, Solano eta Elizalderekin, Kingstonera joan da. Han, «hezurdura» Jamaikako musikarien laguntzarekin gorpuztu eta diskoa Tuff Gong eta Big Yard estudioetan grabatu ahal izan du. Steel Pulse, Black Uhuru, I-Threes ­Rita Marley barne­, Luciano edo Toots and the Maytals dira grabazioan aritu direnetako batzuk. «Niretzat, adibidez, Tootsek parte hartzea amets bat zen, Calamarori Bob Marleyk deitzea eta haren disko batean parte hartu nahi zuela esatea bezalakoxea», aitortu zuen Muguruzak.

Dena dela, irundarraren iritziz, garrantzitsuena Euskal Herriko eta Jamaikako kulturen arteko «bene-benetako talka» sortu izana da. Diskoa talka horren ondorio da.

Grabazioa, ospakizun handia

Jamaikan gauza asko ikasi dute euskaldunek. Horietako bat da disko bat grabatzea gertakizun handia dela. «Denak joaten dira estudiora, agurtzen zaituzte, galdetzen dizute... Grabazio egun bakoitza ospakizun bihurtzen dute, munduko bidegabekeriak salatuz eta bizitza goraipatuz. Gu, euskaldunok, gauero biltzen ginen, eta garagardo batzuk lagun, egunean egindakoaz eta hurrengo eguneko lanaz gogoeta egiten genuen. Eta benetan zoriontsu sentitzen ginen. Bitalismo edo bizipoz horrek laburbiltzen du diskoa. Horrek eta gure eskubideen alde borroka egin behar dugun iritzi sendoak», adierazi zuen.

Eskubideak direla-eta, irundarrak, Euskal Herrian eta nazioartean, diskoa oso une aproposean datorrela nabarmendu zuen: «Gurean denok noizbait amestu dugun bake prozesua abian dagoelako; nazioartean, berriz, Evo Moralesek erregaiak nazionalizatu dituelako».

Diskoa Talka zigilu berriak plazaratu du. Muguruzak aprobetxatu zuen atzoko agerraldia esker ona adierazteko bertan ziren Metak diskoetxeko lagunei. «Eta esker ona adierazi nahi diet ­esan zuen­ ez bakarrik diskoa prestatzen lagundu didatelako, baizik eta beren katalogoan XXI. mende hasierako euskal musika nolakoa izan den ezagutzeko sekulako testigantza utzi dutelako».

“Euskal Herria Jamaika Clash” gaur jarriko dute salgai, Europako hamar herrialdetan aldi berean. Aurki Ameriketan eta Japonian ere plazaratuko omen dute.



Adierazpenak
«Trikitiari, harrera harrigarria»

XABI SOLANO | Trikitilaria

Fermin Muguruzak ez ezik Jamaikako «espedizioan» parte hartu duten gainerako musikari euskaldunek ere hitz egin zuten atzoko aurkezpen ekitaldian. Esperientziaz mintzatzean, «harridura» izan zen Xabi Solanok behin eta berriro erabili zuen kontzeptua. «Harrituta geratu ziren trikiarekin eta, oro har, hemengo musikarekin. Halaber, harrituta geratu ginen gu trikitiari egin zioten harrerarekin».

«Lan gogorra izan da, baina lan hilezkorra»

Jon ELIZALDE | Haize ataleko arduraduna

Elizalderen ustez, Jamaikan baino musikari hoberik egongo da, teknika aldetik; musikalitate aldetik, berriz, ez. Gauza asko ikasi omen ditu. Horietako bat da «nota asko jotzeak ez duela derrigorrez esan nahi musika gehiago egiten ari zarenik». Diskoan parte hartu duen haize atala zuzendu izana pribilegio eta ohoretzat du. «Lan gogorra izan da, baina betiko geratzen den lana, hilezkorra», esan zuen.

«Jamaikan baino musikari hoberik, inon ez»

Xabi PERY | Gitarra jotzailea

Jamaikako musikariei dagokienez, Jon Elizalderekin guztiz bat dator Xabi Pery. «Azken urteotan, Kinstongo grabazio estudioak informatizatu dira, eta soinua ez da lehengo bera. Alde horretatik, nire gusturako, galdu egin dute. Baina ez sinesteko moduko musikariak izaten jarraitzen dute. Gutxi gorabehera zer nahi duzun aipatu eta, oraindik segundo bat pasatu ez denean, hor duzu, lortu dute».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
La UE hace efectiva su amenaza contra Belgrado y suspende las negociaciones
Jendartea
Aizkorri-Aratz, Gipuzkoak barnean hartzen duen natur parke zabalena
Kirolak
Sufriendo como siempre y celebrando como nunca
Kirolak
Veinte triunfos para tocar con los dedos el máximo premio
Kirolak
Un penalti inexistente evita la salvación
Kirolak
El espíritu de Celedón da vida al Alavés
Euskal Herria
El juez Pedraz asume que una declaración policial no basta para ordenar prisión
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea