Aizkorri-Aratz, Gipuzkoak barnean hartzen duen natur parke zabalena
Aizkorri-Aratz natur parke izendatu berri du Gasteizko Gobernuak. Arabak eta bereziki Gipuzkoak hartzen duten inguruneak 16.000 hektarea ditu eta Euskal Herriko pagadi ingurunerik aberatsenetakoa da. Izendapena egokitzat jo arren, zenbaitek egun naturaren guneei ematen zaien babesa urria dela ziurtatu dute.
Natura Intereseko Eremuen zerrendan izatetik natur parke izendapena jasotzera igaro da Aizkorri-Aratz gune naturala. Izendapena Lakuako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Sailak egin badu ere, natur parkearen kudeaketa eta zaintza Arabako eta Gipuzkoako diputazioen esku geratuko da, bi lurralde horiek hartzen baitute Aizkorri-Aratzingurunea. Gasteizko Gobernuak orain hamar urte eman zuen ingurunea natur parke gisa arautzeko zuen asmoaren berri, eta, hamarkada bat geroago, ingurunearen balioak adierazteko 1996ko irizpide berberak izan ditu. Arrazoi nagusien artean mendilerroak duen balio ekologikoa eta bertako baliabide naturalak babestu beharra aipatzen ditu, eta kanpo eragileetatik etor daitezkeen ekologia eta paisaia kalteak ekiditeko helburua ere badu izendapenak. Inguruneko ekosistema naturalak eta interes geologikoa babesteko helburua duela ere adierazi du. Iragan den apirilaren 22tik aurrera, beraz, Aizkorri-Aratz Gipuzkoako laugarren natur parkea da, eta Aiako Harriak, Pagoetak eta Aralarrek osatzen duten zerrendan sartu da. Arabari dagokionez, laugarren postua betetzen du, eta Gorbeiak, Izkik eta Urkiolak osatzen duten sarera batu da. Gipuzkoako Diputazioa arduratuko da etorkizuneko natur parkea zaintzeaz eta kudeatzeaz. Izan ere, bertatik helarazitako datuen arabera, natur parkeak 16.000 hektarea hartuko ditu, horietatik 13.000 Gipuzkoako lurraldean barrena, eta 3.000 hektarea inguru izango ditu Arabako zatiak.
Perimetroaren gainekoak
Babestutako eremua Gipuzkoa eta Araba bitartean hedatzen da, eta natur parkeak Arlaban eta Otzaurte mendateen arteko eremua biltzen du gutxi gorabehera. Barnean hartzen ditu Zaraia, Elgea, Urkilla, Aizkorri eta Altzania mendilerroak. Gisa horretan, hedapen horrek Arabako Asparrena, Zalduondo, Donemiliaga eta Barrundia herriak biltzen ditu, bai eta Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Ońati, Legazpi, Zerain eta Zegama Gipuzkoako herriak ere. Erliebe malkartsuaren eraginez, 1.000 metroko aldea dago haranen eta mendi tontor garaienaren artean. Inguru horietako herritarrek eta talde ekologistek izendapena begi onez ikusten badute ere betiere, ingurune bati ematen dioten babes handiena delako, berantiartzat jo dute aitorpena, eta natur parkearen perimetroa eskasa dela ziurtatu dute. Behin betiko onarpena emateko hamar urte zain egon behar izateaz gainera, ingurune babestuak hedapen zabalagoa izan beharko lukeela uste dute, batez ere Arabari dagokion eremuan. Alde horretatik, babesa eman dioten alderdi zehatza herriguneak eta jabetza pribatuko lurrak hartzea ekidinda hautatu dutela salatu dute. Hau da, Natur parkeko eremuetan mendi inguruneak direnak bakarrik sartzen saiatu dira. Oro har, ontzat eman dute Aizkorri-Arazko Gipuzkoako zatian egin duten aukera, eremu publiko eta pribatuak barneratu baitituzte, eta ingurunearen balioa izan da aukeraren irizpide nagusia. Arabari dagokionez, aldiz, natur parke izendapena publikoak diren guneez osaturik dagoela-eta, talde ekologistek akastzat jo dute hautaketa. «Ingurune natural bat interesgarria bada, interesgarria da, eta kito; babestu beharrekoa da. Garrantzia ingurunearen osotasunak ematen badio, zertarako ibili hemendik baso bat hartuz eta hortik lur-sail pribatu bat kenduz? Ez du zentzurik», adierazi dute talde ekologistek. Lakuako Natura Zaintzeko Legean zehazten denaren arabera, natur parke izendapena jaso duen eremuari babes-perimetro bat gehitu behar zaio eta, ekologisten iritziz, Arabako Diputazioak eta Gasteizko Gobernuak huts egin dute Araiako eta Larreko hariztiak babesgune horretatik at baitaude. Bestalde, zenbait herritar eta talde ekologistak aditzera eman dutenaren arabera, Gasteizko Gobernuak 1996 urtean jakinarazi zuen ingurune hori natur parke izendatzeko zuen asmoaren berri eta, horregatik, kalifikazioa hamarkada bat berandu datorrela uste dute batzuek.
Parkearen erradiografia
Aizkorri-Aratzek ingurumenerako interes garrantzitsua duten hainbat elementu dituela ukaezina da eta, horien artean, Urkuluko urtegia nabarmentzen dute gehientsuenek. Urkulu Gipuzkoa barneko hezegune nagusietakoa da eta, jatorri artifiziala izanda ere, hegazti urtarren eta hainbat anfibio espezieren bizileku bilakatu da. Besteren artean, txilinporta bikoteak eta murgil handiak. Hezeguneaz gain, 16.000 hektarea horietan Euskal Herriko pagadi ingurune aberatsenetakoa biltzen da, Otzaurtetik Leintz Gatzagaraino doana. Iparraldeko ingurunean zuhaitz koniferoek hartzen dute nagusitasuna. Zuhaitz ilara luze eta zabalak sortzen dituzte, eta hainbat animaliaren eta espezieren bizilekua da. Arabako lautadari dagokionez, berriz, zerealak dira nagusi. Beste alde batetik, Aizkorriren hegoaldeko hegalean Euskal Herriko ameztirik garrantzitsuenetako bat aurki daiteke, eta nabarmentzekoa da, gainera, naturaren guneak dituen zuhaitzen %40 pagadiak direla. Babestutako eremuak Aizkorri, Aratz eta Egino kareharrizko fronteak eta Elgea eta Urkillako silize-harriak batzen ditu, baita interes berezikoak diren arroilak, dolinak eta arro karstikoak ere. Eremu horretan komunitatearen interesekoak diren 22 habitat topatu dituzte, eta horietatik hamar lehentasunezkotzat hartuak dira. Faunari dagokionez, babestutako hogei espezie bizi dira ingurunean, eta mehatxupean dauden hegaztiak ere jasotzen ditu. Era berean, aipagarria da natur parkeakhainbat urtegi, harrobi bat eta bi parke eoliko dituela, denak ere izendapena eman aurretik eraikiak. Esan bezala, ingurunearen zatiketaren eraginez, Arabako
eta Gipuzkoako diputazioek izango dute natur parkeak eskatzen duen babesa
ziurtatu eta zaintza-lanak aurrera eramateko eskumena eta ardura, eta herritar
eta talde ekologistek egiten dutenaren esperoan geratu dira. Euren hitzetan,
babestu beharreko guneak etorkizun hurbilean Natura 2000 Europako Sarearen
barnean bilduko dira eta, beraz, natur parke berriak izendatzen jarraitzeari ez
diote zentzu handiegirik ikusten bi zerrendetako eremuek babes maila
berbera izango dutelako. Aizkorri-Aratz aipatu sarean dago gaur egun, eta
Gasteizko Gobernuak eta Natura 2000 Sareak eremu babestuak izendatzeko
erabiltzen dituzten ereduak ezberdinak direla aintzat hartuz, ekologistek uste
dute zentzuzkoena indarrean dagoen legedia aldatzea litzatekeela. -
Elgeako parke eolikoa eraiki ostean izendatu dute
Herritar eta talde ekologiko ugarik etengabe salatu dute Elgea-Urkillako parke eolikoa eraiki izana. Energia berriztagarrien alde agertu diren arren, natura garrantzi berezia duen ingurune batean parke eoliko erraldoiak eraikitzea gaitzetsi dute. Izan ere, natur parke izendapena ingurune zehatz batek duen paisaiaren interesagatik ere eman daiteke eta, adierazi dutenaren arabera, parke eolikoak eraikiz inguruneak duen berezitasunarekiko haustura sortzen da. Alde horretatik, izendapena Elgeako parke eolikoa eraiki ostean eman izana salatu dute.
«Kudeaketa eraginkorra egin ezean ez du zentzurik izendapenak»
Aizkorri-Aratz natur parke izendatu izana begi onez ikusten badute ere, Arabako eta Gipuzkoako diputazioen kudeaketa ikusteke dagoela nabarmendu dute gehienek. Andres Illanak, esaterako, lotura estua du natur parkeekin, Naturzaintzako kide izateaz gainera, Izkiko Patronatuan ere parte hartzen baitu. Gertutik ezagutzen du Euskal Herriko natur parkeen egoera, eta, baieztatu duenaren arabera, ingurune jakin bati izendapen hori emateak ez du ziurtatzen zaintza eta kudeaketa egokia bermatuta egongo direnik. Illanaren iritziz, Natura 2000 Europako Sareak barnean hartuko ditu babestu beharreko guneak, eta, beraz, ez dio zentzurik ikusten natur parkeak izendatzen jarraitzeari. Egun, Aizkorri-Aratz sare horretan dago eta, gainera, orain arte Natur Baliabideen Antolamendurako Planaren babesa jasotzen zuen. Illanak ziurtatu duenaren arabera, arau berriak ez du inguruneari ematen zaion babesean eragingo. Teorian, parke natural izendapenak eremu zehatz bati babes handiena emateko balio badu ere, praktikan kudeaketa bisitari kopuruaren araberakoa izaten dela salatu du. Adibide moduan, gogora ekarri du Aralarreko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana eraldatu zutela Ataun inguruan zenbait txabola egin ahal izateko. Valderejon, saien bizilekua kalteturik suerta ez zedin urteko sasoi jakin batzuetan zenbait ibilbide itxi zitzaizkion bisitariari, eta, azkenean, halako neurriak baztertu egin direla salatu du. Horiek hala, Illanak adierazi du gune natural babestuen interesen gainetik jartzen dutela eremua bisitatzen duen turista kopurua, natur parke izendatua izan edo ez izan. Illanak zehaztu du izendapenak zentzua izango lukeela Natur Baliabideen Antolamendurako Planik ez balego. Alde horretatik, Illanak gogorarazi du azken horren bidez ekidin zela Lezean aurrez ikusia zegoen meatzea egitea, natur parke izendatu beharrik izan gabe.
|