Sondikako lan heriotza salatu dute sindikatuek
·Errepidean garraiolariek dituzten lan istripuen aitortza aldarrikatu dute
Sindikatuek Sondikan izandako lan heriotza salatu zuten atzo. ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek elkarretaratzea egin zuten Erandion, zendutako garraiolariaren enpresaren aurrean. Atzo ere, UGTk eta CCOOk errepidean gertatzen diren lan istripuak aitortzeko eskatu zuten.
BILBO
Joan den asteartean Sondikan izandako lan heriotza salatzeko helburuarekin, sindikatuak kalera irten ziren atzo. Bizkaian gertatutako istripu horretan E.M.G. zendu zen, 28 urteko garraiolaria, N-637 errepidean kamioia irauli eta bertan harrapatuta geratuta.
ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek elkarretaratze bateratua egin zuten eguerdian Erandion, Chatarras Abraldes enpresaren egoitzaren aurrean, “Lan istripu gehiagorik ez” leloarekin. Hildako gizonak enpresa horretan egiten zuen lan. Protesta ekimenean bildutakoek, neurriak hartzen ez direla ohartarazteaz gain, Administrazioarentzat bi hitz izan zituzten. «Gure txostenen arabera, bihurgune bateko peralteak zerikusia izan dezake Sondikako istripuan. Publizitate kanpainetan, Administrazioak prebentzioa guztioi dagokigula dio, baina gero Administrazioak berak ez du ezer egiten. Arriskugune horiek ezagutzen ditu, eta ez dute ezer egiten», adierazi zuen Ibon Zubiela LABekoak.
Sondikako elkarretaratzean bildutakoez gain, beste sindikatu batzuk ere astearteko lan istripuaz aritu ziren. UGTk errepidean gertatzen diren lan istripuak aitortzeko eskatu zuen. Errepidean gertatzen diren lan istripuak auto istripu soilen atzean «estaltzen» direla kritikatu zuen, eta garraiolariek dituzten lan-baldintza «zailak» salatu zituen. «Lan karga handia eta gehiegizko ordutegiak izaten ohi dituzte», nabarmendu zuen.
CCOOk, berriz, lan arloko prebentzio ekimenek errepidea kontuan hartu beharko luketela nabarmendu zuen. Hain zuzen ere, zirkulazio istripuen %40 lan istripuak direla esan zuen.
|