Urko Ikardo Enparan - Pausumedia Elkarteko lehendakaria
Antxeta Irratiari maitasunez
MAzkeneko urteotan, Pausumedia Elkarteak Behe Bidasoa eskualdean, Txingudi inguru honetan, euskarazko egitasmo komunikatiboak sortu eta sendotzea izan du zeregin nagusi. Bere lana itzalean egin du, sustatzaile izan da, eragile. Eta hala behar zuen. Alta, lan horrek emaitzak eman ahala, eta egitasmo berriak sortzearekin batera, kezka ere bai; horiek guztiak egitasmo orokorrago baten partaide direla ba ote daki jendeak? Horregatik, duela gutxi erabaki genuen bazela garaia kanpora atera, eta gure burua ezagutzera emateko. Eta horixe zen gure asmoa, eta horretan ari ginen, gure altzoan sortutako irratian, gure kuttunean, ezbehar tamalgarria gertatu zela jakin genuen arte.
Orduan, egitasmo komunikatiboen plazara irteteko gure hasierako asmoa baztertu ez, baina balio bezate lerrook, Antxeta Irratiari gure elkartasunik zintzoena eta gure babes osoa helarazteko. Balio dezatela, halaber, eskualdeko euskaltzaleak, tokiko hedabide herrikoiak beharrezkotzat jotzen dituztenak, gertuko informazioa (eta ez hain gertukoa) bertako ikuspegitik lantzeari ezinbesteko deritzoten horiek guztiak, irratiaren inguruan berriro ere biltzeko. Denon artean zaindu dezagun, erabat osatzen den arte.
Pausumedia Elkartea, Pausu izenarekin, 2001. urtean sortu zen, hemen, euskarazko tokiko hedabideen gabezia nabarmena zen Bidasoaldean. Bere hasierako helburua zehatza zen oso, eskualde mailako tokiko irratia sortzeko urratsak egitea. Eta hala, elkarte honek bultzatu zuen Antxeta Irratiaren sorrera, Lapurdiko Gure Irratiarekin batera. Nahigabetuta gaude. Antxeta Irratia da abian jarri genuen lehenbiziko egitasmoa. Sendotze bidean egonda ere, (beti dago zer hobetua) harro gaude orain arte egin duen bideaz eta pittinka bereganatu duen nortasunaz. Pausoz pauso goaz.
Pausoz pauso, bai. Etorkizunean, irratiak baliabide propioei esker bizirautea eta indartzea izan dugu xede nagusia betidanik. Eta horri erantzun asmotan, 2002an, publizitate agentzia sortu genuen. Hutsetik abiatuta, publizitatearen salmentari ekin zioten bertatik. Sortu berria zen hedabide horrentzako autonomia ekonomikoa genuen ikusmiran eta hartara, noski, diru sarrera iraunkor batzuk ziurtatu behar genituen, aurreikuspen guztien arabera, urtero-urtero hazi egingo zirenak.
Urte berean, ia ustekabean, gerora lan ildo interesgarri bat zabaltzeko aukera eskaini digun eskaera jaso genuen. Hainbat ikastetxetatik, eskola orduz kanpoko irrati tailerrak egiteko proposamena jaso genuen. Pixkanaka-pixkanaka gehiago izan dira izan ditugun eskaerak.
Euskara eta teknolo- gia berriak uztartuko zituen zerbitzua izan zen elkartearen hurrengo apustua. Web orrien diseinua eta bestelako zerbitzu in- formatikoak eskaintzeko prestatu eta handitu zen lan taldea. Horretarako, pausumedia.com sortu genuen, eta hasi berria izanagatik, dagoeneko, egin ditu hainbat lan txukun, edozeinek Interneten bisita ditzakeenak.
Tresna horiez jabetuta, eta Internetek zabalkun-derako duen potentziala baliatuta sortu genuen bidasoamedia.info astekari digitala, gure egitasmo- rik berriena, eta berritzaileena, irratia eta irudia txertatzeko aukera eskaintzen baitu. Oraindik ere garatzeke, oso kontent gaude urte hasieran aurkeztu agerkari digitalarekin, eskualdeko lehen Internet bidezko hedabidea baita. Une honetan, egungoak sendotu eta hobetzen ari garen bitartean, egitasmo berriak ditugu burutan, eta oztopo guztien gainetik, horiek aitzinera- tzeko gai izango garela ziur gaude.
Eta bai, goiko solairuko ur berogailua erori, eta hodia hausterakoan urak gainezka egin zuen, eta ikustekoak ziren estudioetan eta tresnetan eragin zituen txikizioak. Hantxe zeuden langileak, kopetak ilunduta, gertatu zena ezin sinistuta... baina aurrera egin beharrak ematen duen indar berezi horrekin, lanari ekin zioten berehala, baita gogotsu ekin ere. Hain da erraza esatea, kolpe bakoitzeko indar berrituta jaikiko gara, eta orain artekoa hobetuko dugu! Baina hala bedi! Oroz gain, Pausumedia Elkarteak besarkada bero-beroa nahi dizue bidali, oraingoan jendaurrean, Antxeta Irratiko eta bidasoamedia.com-eko langile eta laguntzaile guzti-guztiei. Besarkada estu-estua, Agus, Juan, Leire, Maia, Aitor, Aitziber eta Koldo. Baita azken urteotan, irratiko laguntzaile izan zareten guztioi ere.
Halaberean, egunotan eta ezbeharra gertatu zenetik modu desberdinetan Antxeta Irratiari elkartasuna adierazi diozuen hedabide, gizarte eragile, sindikatu, alderdi eta herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu bene-benetan.
Bukatzeko, hitzordu bat nahi dizuegu gogorarazi. Egitasmo komunikatibo hauek guztiek ingurune geografiko bat dute erreferentzia, eta euskara, erdigunea. Eta batzen gaituena balorean jartzea gauza ederra denez, duela bi urte Bidasoan Euskaraz festa antolatzen hasi ginen. Eskualdeko elkarte pila batek hartu zuen parte, eta aurten ere, hala izatea espero dugu. Izan ere, denek badute zer ekarria, helburua bada eskualdeko eguna ospatzea, euskararen alde. Edo nahi bada, euskaraz, gure eguneroko hizkuntzan, eskualdearen aldeko eguna ospatzea. Aurten, festa honek zentzu berezia izango du, Antxeta Irratiak behar duen babesa erakusteko modu apartekoa izango baita. Bertako nahiz kanpoko, etor zaitezte guztiak, maiatzaren 22an ospatuko dugun Bidasoan Euskaraz festara. Gonbidatuta zaudete. -
|