Bai Eskolak Euskalduntzeari! azken txanpan
·Maiatzaren 27an bukatuko da sinadura kanpaina Donostian egingo den manifestazioarekin
BAIONA
Atzo aurkeztu zuten Baionan Bai Eskolak Euskalduntzeari! sinadura bilketa kanpainaren bukaera ekitaldia azken hori babestu duten eragileen ordezkariek, Euskal Konfederazioko Mixel Etxeberrik irakurri zuen testuaren bitartez. Aldarrikapena eta festa elkartuko dira Donostian maiatzaren 27an iragango den ekitaldian; 17.30ean hiriko Bulebarretik abiatuko den manifestazioarekin hasiko da. Egun horretan lan isilean ari diren herritarrek izango dute protagonismoa, eta kanpainan bildu diren sinadura guztien berri ere emango dute. Musikak eta beste emanaldi batzuek ere berotuko dute Donostiako giroa.
Euskal Herri osoan derrigorrezko hezkuntzak herritarren euskalduntzea bermatu behar duela uste dutenen artean sinadurak bildu ditu kanpaina horrek, eta balorazio oso positiboa egin zuten atzo. Oraindik kopuruak zehaztu ezin badaitezke ere, hamarka mila herritarrek sostengua eman diote jadanik. Artean sinatu ez dutenek maiatzaren 6an izango dute aukera, Euskal Herriko karriketara sinadura emateko mahaiak aterako baitituzte. Herri Urratsen eta Iruñean egingo den Sortzen Ikasbatuaz-en bestan ere izanen dira mahaiak.
|