Ezker Abertzaleak esan du Legebiltzarrak parte hartzea oztopatzen duela
GASTEIZ
Gasteizko Legebiltzarrak eragile sozialen parte hartzea «oztopatzen» jarraitzen duela esan du Ezker Abertzaleak.
Lehenago ELA, ESK eta EILAS sindikatuek aurkeztutako gizarte eredu berri baten aldeko herri ekimen legegilea bigarrenez bota du atzera Legebiltzarrak. Hasiera batean, hiru sindikatuek «etxebizitza, osasuna eta irakaskuntzaren arloan aldaketak proposatzeko asmoarekin» aurkeztutako ekimena, «formako akats txikiren bat» omen zuelako bota zuen atzera Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak, Ezker Abertzalea Legebiltzar Taldeak ohar batean adierazi duenez. Mahai horretatik «baztertua» izan zen talde hori, baina, helegitea aurkeztu zuen, eta joan den asteartean jakinarazi zitzaion, Mahaiak erabakia ez onartzea «berresten» zuela.
Oharrak dioenez, helegiteak HELren onarpena eskatzen zuen. «Guk uste dugu Legebiltzarrak erraztu egin behar duela eragile sozialen parte hartzea bertako bizitza politikoan, eta ez oztopatu». Horrez gain, euren haserrea ere nabaria zen helegitean: «Formako akats txiki bat nahikoa izan da planteamendu osoa baztertzeko». taldearen iritziz, neurriz kanpoko erabakia izan zen aurrenekoa.
Esan dute «oso larria» dela aurreneko erabakiaren berrespena, eta Legebiltzarrean «zer nolako kultura demokratiko eskasa» dagoen agerian uzten duela salatu du Ezker Abertzaleak. «Gure ustez, instituzioetan jendartearen parte hartzea demokraziaren oinarria da, baina legebiltzar honetan harresi handi bat dago», eta Mahaiak sindikatuen HELari buruz hartutako azken erabakiak harresi horretan «harri gehiago jartzea» dakarrela gaineratu zuten.
|