Ibarretxe: «Euskal Herriko bakea munduko bakea da»
Nazio Batuen Erakundeari Euskal Herrian «bake prozesua» sendotzeko laguntza eskatu zion atzo Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, zehazki, «akordio politikoak» lortzeko laguntza. «Euskal Herrian bakea lortzea munduan bakea lortzeko pauso bat izango litzateke», argudiatu zuen Bilbon egindako adierazpenetan. Euskal Herrian itxaropenez beteriko agertokia dagoela ere adierazi zuen. «Hemen bakea prestatzen ari gara», gaineratu zuen.
BILBO
Euskal Herrian bakea lortzea munduan bakea lortzeko pauso bat dela ziurtatu ostean, «bake prozesua» sendotzeko laguntza eskatu zion Nazio Batuen Erakundeari (NBE) Juan Jose Ibarretxe lehendakariak. Gainera, erakunde horren erreforman estaturik gabeko nazioek «paper handiagoa» izan beharko luketela nabarmendu zuen.
Adierazpen horiek Bilboko Euskalduna Jauregian egin zituen Ibarretxek, «Nazio Batuen erreforma» izenburupean egingo dituzten jardunaldiei hasiera emateko egin zuten ekitaldian, hain zuzen.
Euskal Herrian itxaropenez beteriko agertokia dagoela esan zuen lehendakariak, eta helburua etorkizuna erabakitzeko akordio politikoen bidez bakea lortzea dela ziurtatu zuen. «Hemen bakea prestatzen ari gara, bakea nahi dugulako. Baina ez dugu bakea guretzat bakarrik nahi, mundu osorako baizik. Horrexegatik, Euskadiko bakea eskaini nahi diogu Nazio Batuei, munduko bakea lortzeko beste pauso bat bezala», azaldu zuen Ibarretxek.
Horiek hala, «bake prozesuari laguntzeko» eskatu zien bai NBEri bai «lagundu nahi duen edozeini». «Akordio politikoak lortzeko, Nazio Batuen laguntza behar dugu hemen», zehaztu zuen Ibarretxek.
Bestalde, NBEren erreforma prozesuak estaturik gabeko nazioen parte-hartzea behar duela adierazi zuen Ibarretxek. «Estatuak beharrezkoak dira baina ez nahikoak erreforma honi ekiteko eta, ibilbide horretan, Euskadik asko dauka emateko; aliatu naturala da», esan zuen.
|