Nepalgo Gobernuak ere su-eten bat jarri du abian
Nepalgo Gobernu berriak su-etena egitea erabaki du, lehenago gerrillak egin zuen moduan, egin beharreko negoziazioak erraztuko lituzkeen giroa sortzeko. Gainera, hemendik aurrera ez dute erabiliko «terrorista» hitza gerrillarien kasuan, nahiz eta maoistek armak entregatzeko asmorik ez duten, Prachanda buruzagiak artikulu batean jakinarazi duenez.
KATMANDU
Nepalgo irrati publikoak eman zuen su-etenaren berria. Gerrillariek hiru hilabeteko su-etena aldarrikatu zuten joan den astean. Igandean, Girija Prasad Koirala lehen ministroak armak entregatzeko eskatu zien gerrillariei, baina ezetz erantzun zion atzo, maoisten web orrialdean argitaratutako artikulu baten bitartez, Prachanda buruzagiak.Hala ere, Gobernuak su-etena aldarrikatzeko erabakia hartu du. Gainera, hemendik aurrera ez du «terrorista» hitza erabiliko gerrillariei buruz aritzeko. Eta Interpol nazioarteko Poliziari jakinaraziko dio ez dituela gerrillari maoistak atxilotu behar, bake negoziazioetara arazorik gabe joateko aukera izan dezaten, P. Sharma Oli lehen ministroordeak kazetariei adierazi zienez. Orain, beraz, gerrillak bere ordezkariak izendatu behar ditu, negoziazioak egin ahal izateko. Gobernuak ondoren izendatuko luke bere ordezkaritza, Krishna Sitaula Barne ministroak jakinarazi zuenez. Edonola ere, kontuan hartu behar da aurki hasiko direnak ez direla Gobernuaren eta gerrillarien arteko lehenengo negoziazioak, lehenago ere ahalegindu izan dira-eta. Maoistek exijitzen duten Batzar Eratzailea aukeratzeko hauteskundeen inguruan sortu ziren orduan arazoak.
Martirien aldeko estatuak
Nepalgo Parlamentuak, berriz, erregearen aurka apirilean egin diren manifestazioetan hil edo zauritu dituzten manifestarien senideei laguntza emateko eskatu dio Gobernuari; eta zaurituei medikua eta botikak ordaintzeko. Gainera, «martiriak» gogoan izateko, estatuak eraikitzeko proposatzen dute parlamentariek.
|