Xalbadorren eta Mattinen ohorezko lehen asteburua
Xalbador eta Mattin omentzeko asteburua lehen aldiz antolatu du Deiadarra elkarteak Urepelen. Orain arte, Xalbadorren eguna antolatzen zuen elkarteak, eta aurten Ahetzeko bertsolariari ere ohore egitea erabaki du. Ekitaldi anitz izanen dira Aldudeko herrian, urriaren 21ean eta 22an.
BAIONA
2004an, Xalbadorren mezua gal ez zedin, Xalbador eguna antolatu zuen Deiadar elkarteak, eta aurten, Urepeleko bertsolariari ez ezik, Ahetzeko Mattini ere ohore egitea erabaki du. Xalbadorren maitaleekin batera, Mattinenak ere erakarri nahi dituzte Urepelera, eta horretarako, egun batetik bi egunetara luzatu dute ospakizuna.
Urte berezia da aurtengoa; izan ere, azaroan, 30 urte eginen ditu urepeldarra zendu zenetik, eta uztailean 25 urte egin zituen aheztarrak utzi gintuene- tik. Asteburu horren bitartez, bereizi ezinak ziren bi bertsolariak omenaldian ere elkartu nahi izan dituzte, biak gogoan atxikitzeko.
Egun handia igandekoa izanen bada ere, larunbatean egonen da zer ikusi, bai haur, bai helduentzat ere. Larunbat gauean, Benito Lertxundik kontzertua emanen du herriko pilotalekuan.
Arratsaldean hasiko dira ekintzak, haurrek Mattin eta Xalbador ezagutu eta ongi pasa dezaten. Bi bertsolarien bizitza eta lanarekin jolas berezia eginen dute, eta gero, antzinako jokoekin jostatzeko aukera izanen da; sokatiran, adibidez. Zazpietatik goiti, taloak egonen dira herriko plazan, eta zortzi eta erdietatik aurrera, Peruketak taldeak joko du, gaueko bederatzietan Orioko abeslariaren txanda ailegatu arte.
Igandean ekimen anitz izanen da. Mendizaleek Aldudeko haranean itzuli ederra egiteko aukera izanen dute goizeko zazpietatik aurrera, bazkarira gosez ailegatzeko. Aldi berean, bi bertsolarien biziaren ezagutza frogatu ahal izanen dute ibilbidean pausatutako galdera lehiaketarekin. Bi ibilbide izanen dira: familientzat 15 kilometroko bat eta kirolarientzat 21 kilometroko beste bat. Kulturala ere izanen da mendi martxa, beste hainbat toki ederren artean, Xalbadorren bordatik ere pasatuko baitira mendizaleak.
Bi bertsolarien ohoretan meza nagusia eginen dute elizan, hamar eta erdietan. Ondoren, elizan bertan, Antonio Zavalak eta Joxe Mari Iriondok berek idatzitako “Mattin eta Xalbador” liburua aurkeztuko dute.
Goiz guztian eta ordu bitan hasiko den bazkarira arte, Xalbadorren eta Mattinen argazkiak ikusteko aukera izanen da, bertan bien argitaragabeko hogeina bat argazki izanen dira. Bazkaria Xendarineko ahizpek, Baigorriko Asteazkenekoak eta Markinako Xemein abesbatzak alaituko dute. Ondoren, Xalbadorri eta Mattini buruzko bideo bat erakutsiko dute, argazki muntaia batez eta hainbat elkarrizketaz osatua.
Bertsolarien ohorez egindako asteburuan ezin bertso saioa falta, eta horretarako, han izanen dira Jon Azpillaga, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña, Joxe Mari Iriondo gai-jartzaile dutela. Tokiak aurretik hartu behar dira, eta horretarako, informazioa xalbador.org-en topa daiteke.
«Xalbador beti seriosa zen eta Mattin batez ere arrailerian ibiltzen zen»
Joxe Mari IRIONDO
| «Mattin eta Xalbador» liburuaren idazlea
Antonio Zavalarekin batera, Joxe Mari Iriondok Ipar Euskal Herriko bi bertsolari mitikoei buruzko liburu bat idatzi du. Bi bertsolarien omenez eginen duten asteburuan, “Mattin eta Xalbador” liburua aurkeztuko dute. Nola izan zenuten liburua idazteko
ideia? Alde batetik, Deiadarra elkarteak erabakia zuen aurten Xalbadorren eguna Xalbador eta Mattin bertsolariekin egitea. Xalbador hil zela 30 urte egingo dira azaroan, eta Mattin hil zela 25 urte egin ziren uztailean. Gainera, iruditzen zait biek merezi zutela. Bestalde, Auspoan zer egin zitekeen pentsatu genuen; joan den urtean, Xalbadorren “Odolaren mintzoa”ren laugarren edizioa atera genuen. Orduan, liburu hau egitea pentsatu genuen. Zer aurki daiteke liburuan? Pentsatu genuen badirela hamaika bertso han eta hemen. Nik ordurako egina neukan “Herria” astekariaren hustea han zeuden bertsoekin. Hernandorena Iparraldean bertsoen bila hasi zenean aurkitu zituen Mattin, Xalbador, Zubikoa eta horiek denak. Hori zela-eta bada saio oso polit bat, Xalbadorrek Hernandorenari egindako karta itxurako bat, bertan esaten dio: «Zuk nahi duzunerako gu hemen gaude». Gainera, garai horretako grafiarekin daude, «ch» eta erabiliz, gaur egun «Chalbador» izango litzatekeena guretzat. Horiekin denekin pentsatu genuen bertso asko geneuzkala, berek idatziak, publikatu ez zirenak, “Herria”n bakarrik agertu zirenak, eta gero, batez ere, haiei eskainitako bertso asko dago. Haien omenez idatzitako bertsoek ere tokia
dute liburuan. Bai, badira Panpili batek eskainitakoak, Arrosagarai batek eskainitakoak, Menbiburuk, Alkatek egindakoak... Ikusi genuen bertso asko zegoela nola Xalbadorren hala Mattinen ohorez egindakoak, eta orduan konturatu ginen horretan liburu bat bagenuela. Hegoaldekoetan nik dauzkadan saioetan, Basarrik Segurako elizan kantatu zituenak Xalbador hil eta hilabetera justu. Gero ere badira Uztapidek Xalbadorri egindakoak; Peio Esnalek baditu bertso batzuk Mattini eskainiak: «Ahetzen izar bat itzali da». Argazkiak ere agertzen dira
liburuan. Argazki pila dauzkagu, bai Xalbadorrenak, bai Mattinenak. Badaude Urepeleko Deiadar elkarteari esker lortu ditugunak, bai eta Xalbadorren eta Mattinen familiei esker ditugunak eta gure aldetik Sendoan genituenak. Gehigarri bat ere izanen du
liburuak. Bai, “Odolaren mintzoaren” bosgarren argitalpena doa “Mattin eta Xalbador” liburuarekin batera. Aurreko lau edizioak agortuta baitaude. Argitalpen honetan, gainera, hiru bertso saio gehiago sartuko dira, Xalbadorrek berak sartu nahi zituenak. Mattin eta Xalbador beti elkarrekin ibiltzen
ziren. Bai, Iparraldean horrela zen, baina batez ere guretzat, Hegoaldeko bertsolaritzan berezi ezinak ziren; Xalbador non Mattin han izaten zen. Gainera, gaiak jartzeko momentuan ere estilo ezberdinetako bertsolariak behar genituen. Oso bertsolari ezberdinak ziren
biak. Bai, oso ongi esaten du Manuel Sein Xanpunek laster Auspoan aterako dugun liburu batean: Xalbador beti seriosa zen, eta Mattin batez ere arrailerian ibiltzen zen. Azala eta mamia konparatzen ditu; bata azala eta bestea mamia, baina zer da azala mamirik gabe eta alderantziz? - I. E.
|