Immigrazioari arazo gehiago eranstea
Luxenburgon etorkinen arazoari erantzun bateratua emateko bilkura egon zen atzo, immigrazioa arazo handia da-eta Europarentzat. Baina badirudi arazoa etorkinentzat handiagoa dela. Edozein egunetan sumatu, neurtu, kontatu egiten da arazoaren tamaina. Atzo bertan, txalupa pneumatiko batean zihoazen 11 etorkin erreskatatu zituen merkantzi ontzi batek itsas zabalean, tartean lau adingabeko, eta baliteke haiekin zihoazen beste hainbat lagun hil izana.
Baina Europako estatuen jarrera ere bada arazoa, eta ez nolanahikoa: mundu aberatsaren eta txiroaren arteko desberdintasunak dauden artean, etorkinen mugimenduak jarraitu egingo du, eta ez dago geldiaraz dezakeen legerik ez harresirik. Europar Batasuneko kideen bilerari dagokionez, kide bakoitzak hartzen dituen neurriak besteei jakinaraztean adostu ziren, baten jokaerak besteei ere eragiten baitie. Gainerakoan, zaintza handiagoa, murru gehiago eta hartarako kolaborazioa hitzartu zuten, hots, neurri errepresiboak indartzea. Eta kolaborazioa, halaber, etorkinen jatorriko herrialdeekin, baina ez haien garapen politiketarako, hango gobernuek herritarrak ateratzea galaraz dezaten baizik.
Europak beharrezkoa du etorkinen lana, baina aldi berean, bere jokaerarekin, bestelako mezu bat zabaltzen du, pertsonak legalen eta ilegalen artean banatzen dituena. Mezu horren arabera, lagun ilegala, etorkina, europarroi lana kentzera dator; hemengo kultura arriskuan jartzen du; delinkuentea da... azken batean, etorkina arriskua da. Orain arteko politika murriztaile eta errepresiboek identifikazio hori lortu dute. Eta haien ondorioak latzak dira: alde batetik, hildakoak erruz, baina ez dira hildako «propioak», askoren lasaitasunerako, eta, bestetik, Europako gizartearen lerratze arriskutsua. Adibide hurbilak ditugu distantzian eta denboran, hala nola Suitzan oraindik orain indarrean jarritako legedi are murriztaileagoa, edo Austrian, Estatu frantsesean eta Ekialdeko herrialdeetan, besteren artean, jarrera kontserbadoreak indartu izana, eskuin muturrak gizarte sostengu handia izateraino, hein handian etorkinen auzia dela-eta.
Europak arazo handia du immigrazioaren auzia, eta aurre egin behar dio, baina orain arte ez du inola ere asmatu. Gero eta gehiagotan Polizia izan baitu erantzun bakarra, eta horrek hasierako arazoa konpondu ez eta, gainera, eraiki nahi duten Europa horren inguruan zalantza asko sortarazten ditu. -
|