GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-10-06
Haurrentzako kabareta izanen da gaur arratsaldean Errenteriako antzokian
Ikuskizun aberatsa prestatu dute Agerre Teatroa eta Mi Cabeza que Habla taldeek, musika, dantza, interpretazioa eta txotxongiloak elkartzen dituena. Arratsaldeko bost eta erdietan estreinatuko dute «Haur kabareta» Errenteria Hiria kulturgunean, eta irrikaz daude. «Saiatzen aritu gara umeekin, proposamenak nolako harrera duen ikusteko, eta harreman polita izan dugu eurekin. Energiaz bete dute antzokia», esan du Maite Agirrek, Elena Bezanillarekin batera obra zuzendu duenak.

ERRENTERIA

Umeentzako musika emanaldia da “Haur kabareta”, publikoa parte hartzera bultzatuko duena. Agertokira igo eta orkestra benetan berezia osatuko dute haurrek, barazkiekin egina. Maite Agirre zuzendariak erran duenez, doinuak sortzeko bide anitz dagoela ulertarazi nahi diete horrela. “Pepinofonoez” gainera, gitarra akustikoa eta elektrikoa, akordeoia, txeloa eta harmonika ere astinduko dituzte Mi Cabeza que Hablakoek. Kantu alaiak sortu ditu taldeak. Jolasa dira batzuk; eta beste batzuek mezu argiak dituzte. «Zein ondo, handia naiz! Norbaiten laguntzaren beharrik baduzu, ni handia naiz eta hementxe naukazu!», dio horietako batek.

Musikak berebiziko garrantzia badu ere, ikuskizuna ipuina dela dio Agirrek: «Laguntasunari buruzko istorioa kontatuko dugu. Garrantzitsua da itxura fisikoa gazteentzat, eta denok oso erakargarriak garela esaten ahaleginduko gara gu. Lirainak edo potoloak izan, gure burua onartu behar dugu. Aktoreak oso politak direla sinetsita aterako dira antzokitik, edertu egingo direlako euren burua onartuta».

Bi neskato dira protagonistak. Lagunak dira eta den-dena kontatzen diote elkarri. Bakoitzari nolako mutilak gustatzen zaizkion, norbait gogoko izatea zer denŠ Abestu ere eginen dute maitasunaren inguruan. Ohean dago protagonistetako bat, erdi erne erdi lo. Pentsatzen ari da, eta irudimenari esker bidaia bati ekiten dio. Nolakoak izanen dira neskatxen ametsak? Galdera horri erantzuten saiatu dira Agerre Teatroa eta Mi Cabeza que Habla. «Haurraren mundua da azaltzen duguna, eta mundu horrek badu zerbait errealitatetik, baita ametsetatik eta irudimenetik ere. Antzezleak helduak izan arren, barruan daukagun haurra ateratzen saiatu gara denok, oso garrantzitsua baita sekula ez galtzea», azaldu du Maite Agirrek.

Bi bertsio ditu obrak: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, Euskal Herritik kanpora ateratzeko asmoa ere badaukate-eta. «Errenteriako estreinaldiaren ondotik Donostiara, Azpeitira eta Leioara joango gara, baina beste leku askotan antzeztea espero dugu, obra berezia, atsegina eta umoretsua delako. Zera esango nieke umeei: gustatuko zaiela ikusi eta adituko dutena, baita egingo dutena ere. Saioetan egon direnek behintzat gustura egon direla aitortu dute».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Los 25 refuerzan las almenas de la fortaleza el día en que mueren en el mar veinte africanos
Iritzia
Immigrazioari arazo gehiago eranstea
Euskal Herria
Bat Egin Eguna, una forma de ser solidario disfrutando de una jornada de fiesta
Euskal Herria
Gosearen bidez aldarrikapena indartu
Jendartea
Itsasondoko Udalak AHTren inguruko herri galdeketara deituko du abenduan
Ekonomia
El Banco Central Europeo prepara más subidas del precio del dinero a corto plazo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss