Josu Imanol Unanue Astoreka - Gizarte ekintzailea
Evo
Horra beraz, Evok irabazi zuenetik gogoekin nengoen, eta hemen nago; zer esan herri honetaz, bada Bolivia pobrea eta aberatsa dela, hemen azkar igarten dela nork daukan dirua eta nork ez, zer den gosea edo petrolioa izatea, eta aldeak alde badagoela La Paz edo Cochabanba edo Santa Cruz de la Sierra, edo milaka herrixka jende interesgarriarekin oraindino ere ezagutzen ez doguzanak, baina azkar bereizi dezakegu nork pairatzen dituzten ezbehar gehienak, indigenek, nola ez.
Egun honetan, hemen gauza asko mugitzen ari dira, horren adibidea Sucren gertatzen ari dena, milaka indigena, kultura ezberdinetakoak elkartu dira eta ozen ari dira aldarrikatzen behar dituzten eskubideak Gobernuaren babesarekin, era berean nola ez kreole askok eta aberatsenak mehatxatu dute Bolivia zatitzeaz, aurrerapausorik ematen badiren, adibidez, eskubide sozialetan, argudioak betiko eskuinekoarenak eta ez daudela prest dirua edo petrolioak ematen dituen onurak banatzeko. Haien haserrea nabaria da eta horrela azaltzen dira komunikabide gehienetan, azken finean beraiek kontrolatzen dituztelako. Adibide gisa ikusi dudan mahai-inguru bat eta UNIDOSeko alderdikideak botatakoak petrolio konpainien alde, esanez, eskubidea zeukatela petrolioa edo gasa ateratzeko eta eroateko, nahiz eta herriaren borondatea beste bat izan.
Bitartean, xurrumurruak xurrumurru indigenek ez dute amore ematen, nahiko zapalketa eta gehiegikeria pairatu dute mendetan zehar, ez daude hilik eta edonon aurki dezakegu norbait beraien aldarrikapenak azaltzeko edo zehazteko. Horren aurrean, nola ez, aberats gehienak azkenengo hauteskundeetan emandako emaitzak ukatzen eta herri borondateari uko egiten dabiltza, eraso bortitzak egiten eta Evok edo bere jarraitzaileak lortutakoari oztopoak jartzen, gerraren zaratak eta zatiketa gero eta nabarmenagoak dira beraien esanetan.
Baina Evo Evo da, hemengo eta kanpoko askorentzat historia egiten ari delako eta betiko zapalduen artean ilusioa piztu duelako. Adi gertatzen ari denagaz, egun honetan batzuk amorruz agertzen dituzten bitartean euren ahuleziak eta saiatzen diren bitartean isiltzen munduko beste botere askoren laguntzagaz, orain arte izan diren lorpenak, indigenak martxan daude eta beraiengandik etorriko da azken urteetako aldaketa; lurra, ura, bizia edo natura bera modu ezberdinean bizitzeko ahalmena edo ulermena.
Hemen nago ez hain urrun eta oso hurbil, asko garelako beraien helburuekin bat egiten dugunak, horrexegatik hemen esaten den legez «¡Evo, somos muchos más!». -
|