Iñaki Antigüedad - Catedrático de la UPV
Demokrazia aldarrikatzera!
Informaziozko autobideen gizartea omen dugu oraingoa. Horixe esaten tematzen dira, behin eta berriz, era guztietako garraiobideak egitearen aldekoak. Baina, ez dakit nik zertaz ari diren informazioaz ari direnean. Horra hor, kasurako, goizeroko kontua! irratiek hiri nagusien inguruko autobideetako egoeraz informazio zehatza eta jarraia zabaldu arren goizero egoten dira autobideok guztiz kolapsatuta. Informazioan oinarritutako kolapsoak dira. Dudarik ez da, ala bada?, garraioaren gurpil eroan sartuta dagoen gizartea dela gurea, gero eta gurpil handiagoa, gero eta eroagoa. Datuak hortxe daude; kamioien kasurako, hamar urte barru Bidasoatik egunero pasatzea aurreikusten direnak gaurkoak halako hiru izango dira, hogeita bost mila edo; horietariko gutxi batzuk trenera pasatuta ere (?) gaurkoak baino gehiago izango dira autobideetan. Eta ezin ahaztu aurreikuspenak normalean bete egiten direla horrelaxe nahi dutelako planen egileek! Garraio kontuetan dena da kausala, ez da hor kasualitaterik. Garraioaren gurpil ero hazkorra da arazoa, gizartearen atal guztiak eta lurraldearen eskualde guztiak zeharkatu eta ikutzen dituen arazo larria. Horren gaineko informazioa da zabal, sakon eta garbi gizarteratu beharko luke- tena gizartea informaziozko autobideena izatea nahi duten horiek; benetako apustua informazioan jarriz, herritarren esku hartze eta erabaki- tzearen funtsezko oinarri demokratiko modura, eta ez, gaur bezala, apustua garraiobideetan jarriz desinformazioa baliatuz.
AHT-k ekarriko omen du behin betiko konponbidea. Arazo guztien pagotxa. Bai zera! Informaziozko trenbidearen gi- zartea edo. Trenbide berri hori garraiobide gehigarria da, era guztietako garraiobide berrien beste gehigarria. Gurpil eroak hazten segitu dezan! Bai arduragabekeria Administrazioak darabilena. Euren teknikariek zehazten dute arazoa zein den eta konponbidea zein behar duen. Eta azken hau bakarra, hau da, arazo batek ezin irtenbide posible bi izan; kontuak atera hiru! Konponbide bakarra izanda, eta teknikoa gainera, sobera daude herritarren proposamenak eta esku hartzea bera. Eta informazioa bera ere sobera. Eta horrela gabiltza, AHT-etik errauste plantara, zentral termikotik harrobira, arazotik gatazkara, lekuan lekuko herritarrak, zuzen kaltetuak izan edo ez, arazoa eta honen konponbide posibleak zehazteko prozesuan ezin esku harturik, batzuek goitik demokrazia ulertzeko duten ikuspegi ustelagatik. Ajuria Eneko lehendakariak beharrezkotzat hartu berri du herritarren mobilizazioa eta esku hartzea prozesu politikoa bultzatzeko, eta udalak ipini horre- tarako abiagune. Primeran. Baina zer demokrazia da arazo politiko nagusian noizean behin esku hartzeko aukera eman bai, eta hori ere ikusteko dago, apartheida apartheid!, baina eguneroko herriz herriko arazoetan esku hartzeko biderik ematen ez duena? Galdetu dezala horrek Urbinan, Itsasondon, Zestoan, Zornotzan, Txingudin... Demokrazia zantzuak ditu hor.
Igande honetan Legutiora, bai. Demokraziaz, osasunaz eta senaz. Hor AHTrik Ez! esatea propaganda hutsez inposatutako makro-azpiegitura txikitzaile bati ezetz esatea baino askoz gehiago delako. Administrazioari uler- tu arazi behar zaiolako, protesten bidez ere, izan badela arazoak ulertzeko, gauzak egiteko eta erabakiak hartzeko modu bat baino gehiago. Demokrazia batean herritarrok arazo baten aurrean alternatibak emateko eta alternatiba diferenteen artean aukera egiteko eskubidea exijitu behar da, dagoen moduan geratzea alternatiba bat izanda ere, eta gizartearen arlo guztietan exijitu ere, demokrazia izenetik izanera pasa dadin. -
|