Boterea larderia da, eta haren agerpenak askotarikoak. Batzuetan bortitzak eta oso nabarmenak; beste batzuetan, berriz, leunak, ez baitira arran- ditsuak; hainbatetan, ordea, trauskilak... Gehienetan tragikoak. Adibide ugari izan ditugu egun hauetan, egunero-egunero gertatzen badira ere.
Kronologikoki atzetik hasita, asteazkenean Miguel Sanz Iruñeko Gobernuko presidenteak adierazpen antologikoak egin zituen, eta dagoeneko gizon horren adierazpenak antologia mardula osatzeko modukoak dira. Unibertsitate elebiduna ezin liteke kalitatekoa izan, haren ustez. Ez dugu erraz aurkituko boterearen agerpen trauskilaren adibide hoberik.
Asteartean Urnietan gizon batek emaztea leihotik botatzekoa egin zuen. Horra boterearen agerpen itsua, baina ez inkontzientea. Zoritxarrez, oso zabalduta dago horrelako istiluak kontu pribatuak direla eta inork ez duela zertan sesio horietan sartu. Gizon bera beste memento batean oso gozoa izan liteke emakume horrekin, eta segurutik behin baino gehiagotan afaltzera «atera» izan du, hartara emakumeari, sukalde lana kenduta. Azken horretan ere badago larderia, itxuraz leuna bada ere.
Asteko lehenbiziko hiru egunetan langile bana hil da lan istripuz. Mendi istripuen parekotzat jotzen ez baditugu behin- tzat, larderia estrukturalaren agerpen mozorrotuak dira horiek, langabezia eta oro har lan prekarietatea bezala.
Kartzela da larderiaren agerpenik nabarien eta bortitzenetako baten adibidea. Eta Iñaki de Juanaren egoerak hura noraino irits daitekeen erakusten du argiro.
Boterearen erasoa jasaten dutenek ere batzuetan larderiari heltzen diote, eta larderia horren aurpegiak ere askotarikoak dira. Berez kaltegarria da, bai, baina testuinguruak zentzua ematen dio. Batzuen ustez, okerra da bide hori, edo kasu batzuetan bestetan baino argiago dago ezinbestekoa dela... Nolanahi ere, lehenengo larderia eta hari aurre egiten diona ez dira konparagarriak, inondik inora. Bigarrena lehenengoaren ondorio da, eta ez da zilegi arrasera etiko berberarekin berdintzea.
Foukaulti boterearen mekanismoak irakurtzean, Ken Loachen film bat ikusitakoan, burua astintzen dugu ia lepoa dislokatzeraino, baina segituan geure botere gunetxoa babestera eta are handitzera itzultzen gara. Botere harremanak ditugu neurri handian. Eta beldurgarria da. -