XVI. mendean eraikitako Asteasuko Arretxe baserria kiskali du suak
Baserrian zeuden lagunak onik atera baziren ere, suak larriki kaltetu zuen atzo Asteasuko Upazan auzoko Arretxe XVI. mendeko baserria. Oraindik ere zehazteko daude arrazoiengatik, atzo goizean su hartu zuen baserriak. Suhiltzaileek sua kontrolatu zuten, baina ezin izan zuten etxea erabat kiskaltzea ekidin. Bizilagunek ez zuten ondasunik ateratzeko aukerarik izan, eta bizilekurik ezean, Udalak larrialdietarako duen etxebizitzan egongo dira.
ASTEASU
Asteasuko Upazan auzoan inoiz ez bezalako joan-etorria izan zen atzo. Oraindik ere zehazteko dauden arrazoiak direla-eta,bertako Arretxe baserriak 11.00k aldera hartu zuen su. Denbora laburrean garrek hartu zuten etxea. Bertan zeuden lau lagunak onik atera ziren, bai eta etxean zituzten abereak ere, bestelako ondasunak, baina, ezin izan zituzten salbatu. Udalak larrialdietarako duen etxebizitzan biziko dira orain.
Ertzaintzak jakinarazi zuenez, sua nola piztu zen jakiteko ikerketak egitea premiazkoa da, baina sua etxearen atzeko aldean dagoen biltegian zirkuitu labur batek sortu duelako susmoa agertu zuten.
Istripuaren lekura joan ziren suhiltzaileek sua kontrolatu bazuten ere, ezin izan zuten ezer egin XVI. mendeko baserria salbatzeko, eta suak osorik kiskali zuen. Josu Tellabide etnologoak azaldu zuenez, Arretxe baserriak «pareta gotikoak zituen eta upategian puntu erdiko arku zahar bat zuen», nahiz eta XVIII. mendean eraberritu zutela zehaztu. Baserriaren edertasuna nabarmendu zuen Tellabidek, lehen ere suak kaltetuta zuela gogoraraztearekin batera.
Baserrien ezaugarriengatik ez ezik, zuen produkzioagatik ere izan da ezaguna etxebizitza.
|