GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-10-06
Lore ERRIONDO | Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria
«Gure premiarik ez den arte jarraituko dugu lanean»

Etenaldi handirik gabe Udako EuskalUnibertsitateak (UEU) atzo eman zion irekiera ofiziala ikasturte berriari. Hasierako ardatzek ardatz izaten jarraitzen badute ere, proiektu eta erronka berriak ez zaizkie falta. Horixe nabarmendu du Lore Erriondo UEUko zuzendariak.

­Urtero legez, eskaintza zabala eskuartean duela dator UEUren ikasturte berria. Zein dituzue aurtengoan berritasun nagusiak?

Ardatz nagusiei eusten diegu aurten ere, hala nola, ikastaroei, etengabeko prestakuntzari eta eguneratzeari, udako ikastaroei, materialgintzari, unibertsitate mailako prestakuntzari eta zerbitzu gisa eskaintzen ditugun bestelako egitasmoei. Alor horiek ardatz baditugu ere, urtero-urtero berritasunak izan ohi dira. Aurten ekarpenik handiena sortu bidean dagoen unibertsitatea.net ataria izango da. Euskal unibertsitarioen gunea edo ataria izatea du helburu eta, batez ere, ikasleei zuzenduko bazaie ere, irakasle zein unibertsitate mailan mugitzen den edonorentzako topagune izan asmo du. Izan ere, Euskal Herria txikia bada ere, unibertsitate mailako jendea oso barreiatuta dago. Atarian izango diren edukiei dagokienez, dagoeneko Euskal Herrian dauden unibertsitateekin egin dugu halako hitzarmen bat euren informazioa ere bertan egoteko. Baina izango dira bestelako guneak ere: ikasleek apunteak izateko gunea, orientazio zerbitzua, iragarkiak... Azken urteetan landu dugun proiektua da hau, eta aurten ikusiko du argia.

­Hori guztia euskal unibertsitatearen aldeko urratsak egiteko.

Hasieratik izan dugun helburua da euskal unibertsitatearen aldeko urratsak egitea eta azken kongresutik aurrera, gainera, urrats horiei garrantzi berezia eman diegu, oraindik ez baita existitzen euskal unibertsitaterik. Ikusten dugu urratsak egin direla Euskal Herrian dauden hainbat unibertsitatetan, hizkuntza dela-eta... Baina oraindik orain ez dago euskal unibertsitaterik edonork euskaraz edozein gai ikasteko aukera ematen duenik eta euskal ikuspegitik. Xede hori eskuartean hartuta, besteak beste, urtero-urtero argitaratzen dugu materiala euskaraz eta irakasleak prestatzen ditugu euskaraz aritzeko.

­Urteak daramatzazue lanean; nola baloratzen duzue orain arte lortutakoa?

Gu pozik gaude egin dugunaz, ikusten dugulako egiten duguna benetan premiazkoa dela, alegia, hutsune eta egiteko asko dagoela. Ez dugu espero, esaterako, gure argitalpenek itzelezko harrerarik izatea, gure esparrua oso txikia baita. Gainera, euskaraz aritzea ere handicap bat da, gutxi gara eta gainera euskaraz dihardugunak are eta gutxiago. Hala ere, ikusten dugu jendeak gure lana estimatzen duela eta horrek indarra ematen digu berriz ere lanean jarraitzeko. Nabarmentzekoa da, halaber, gurera artikuluak idaztera edota hitzaldiak ematera biltzen direnak borondatezko lanean aritzen direla, kezkatuta dagoen jendea da eta, egungo gizartean dauden balioak kontuan hartuta, hori ere pozgarria da.

­Oraindik ere lan ugari egiteko dagoela adierazi duzu, erronka asko al dituzue buruan?

Bai, ea iristen den egun bat gu desagertu behar duguna, egoera normalizatu delako! Hori iritsi bitartean lanean jarraitu beharko dugu urratsak egiten. Gure erronkak dira, esaterako, euskarazko testugintza katalogatua izatea eta sarean kontsultatu ahal izateko aukera izatea. Horrekin batera ikerkuntza arloan euskaraz eta Euskal Herrian jarduten duten ikertzaile taldeak ezagutaraztea bilatzen dugu. Erronka horiek buruan hartuta gabiltza. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Los 25 refuerzan las almenas de la fortaleza el día en que mueren en el mar veinte africanos
Iritzia
Immigrazioari arazo gehiago eranstea
Euskal Herria
Bat Egin Eguna, una forma de ser solidario disfrutando de una jornada de fiesta
Euskal Herria
Gosearen bidez aldarrikapena indartu
Jendartea
Itsasondoko Udalak AHTren inguruko herri galdeketara deituko du abenduan
Ekonomia
El Banco Central Europeo prepara más subidas del precio del dinero a corto plazo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss