«Maritxu nora zoaz, eder galant hori»
Armairuan dagoen traje dotorea lisatzea eta aurtengo eskapularioa eskuratzea baino ez zaie falta arrasatearrei egundoko parranda egiteko. Maritxu Kajoi, Arrosarioko Ama Birjina, aldarean dute zain, komisioak bere omenez antolaturiko ekimen guztiak ondo irten daitezen kontrolatzen. Arratsaldez, aurrean izango ditu bertako koadrilak, bakoitza lore sorta batekin, urteko parrandengatik eskerrak ematen.
Dena prest dago Arrasaten gaur bertan txikiteroen Ama Birjina behar den bezala omentzeko. Urte osoan egindako parranda guztiengatik eskerrak emateko, urriaren lehenengo barikuan ohiturarekin jarraitzeko asmoa dute arrasatearrek, baita mundu osoko hainbat txokotatik iritsitako bisitariek ere. Saihestea erabat debekatuta dagoen jai bilakatu da Maritxu Kajoi.
Hori bai, bertaratzen den orok dotore jantzita egin behar du. Ezkontzetan edota zenbait lanpostutan erabiltzen den traje ikusgarriak, gorbata eta guzti, armairua utzi behar du egun batez. Aitaren edo aititaren arropa hartzea ere onartuta dago. Kontua eguneroko arropa etxean utzi eta Maritxu Kajoi behar bezala goratzea da.
Ziur asko batek baino gehiagok galdetu izan du Maritxu Kajoi nondik datorren. Hara hor jaia antolatzeaz arduratzen den Maritxu Kajoi Komisiñuak dioena: Euskal Herriko bestelako herrietan bezala, 70eko hamarkadan txikiteoan ibiltzeko ohitura erabat sustraituta zegoen. Koadrila guztien erdian, Pepe Txantxote arrasatear alaia zegoen. Hark, trago bat hartzera gonbidatzen zutenean, basoa altxatu eta «por Maritxu» esaten zuen. Behin Maritxu haren emaztea zelakoan, adarra jotzen hasi ziren gazte batzuk. Txantxotek parrokiako ate nagusira eraman eta zera erantzun zien: «No tenéis ni idea, Martitxu es esa, Maritxu Kajoi, patrona de los txikiteros». Festa egiteko asmoak indarra hartu zuen eta 1977ko urriaren 5ean errealitate bihurtu zen. Indarra hartzen joan da apurka-apurka, egun duen ospea lortu arte. Maritxu Kajoi Komisiñua arduratzen da ekimenak antolatzeaz.
Gehienak arratsalde parterako aurrez ikusita dauden arren, goiz-goizetik txikiteoan ibiltzen diren arrasatear asko izango da gaur. 8.00etarako suziriek bertako biztanleak esnatuko dituzte. Ordubete baino ez dute izango apaintzeko.
Izan ere, 9.00etan bedeinkatutako erroskilak eta kafesnea banatuko dituzte San Joan elizan, eguna indartsu hasteko. Hamarretako ederra nahiago izaten dutenak ere badaude, ondorengo orduetako txikitoak ondo sar daitezen.
Alde Zaharreko kaleetan barrena murgildu eta gorputza gero eta gehiago alaitzen doan bitartean, eguerdia iritsiko da, mahai baten inguruan lasai jesartzeko mementoa, alegia.
Arratsaldean, bestalde, kale animazioa nagusituko da Arrasaten. 20.30ean, hain zuzen, lore-eskaintza egingo diote koadrilek irudiari, orain arteko parrandak eskertu eta datorren urtean denok egon daitezen eskatzeko. Hortik aurrera, gorputzak irauten duen arte. Ohar bat: ez ahaztu eskapularioa. -
ARRASATE
|