- Igandeko partida dela-eta ofizialtasunaren aldeko ESAITen iritzia -
Ofizialtasuna aldarrikatzeko deialdia egin du ESAITek
·Katalunia eta Euskadiko Futbol federazioek «Espainiakoari men egin» diotela salatu du
DONOSTIA Igandean Bartzelonan jokatu behar den Kataluniako eta Euskadiko selekzioen partidaren eta, batik bat, bertara eraman duten leloaren inguruan «Elkarrekin Bakearen Alde Konbokatuta zaude» sortu den polemikari buruz mintzatu ziren Donostiako Kirol Etxean atzo egin zuten prentsaurrekoan.Bertan, Jon Mikel Urkola, Egoitz Askasibar, Jon Sarriegi, Ixiar Arratibel eta Martxel Toledo izan ziren ESAITen izenean. «Ofizialtasuna» inola ere ez denez azaltzen selekzio nazional izateko ametsa duten bi taldek jokatu behar dutela kontuan hartuta protesta egin zuten. Lehenik, ESAITek bere manifestua aurkeztu zuen, Jon Sarriegik irakurria. Bertan, Euskadiko eta Kataluniako Futbol federazioek igandeko partidarako aukeratu leloarekin «manipulazio hutsa» egin dutela adierazten dute. Ofizialtasunaren aldarrikapenari eginiko «tratamendu maltzurrak» partidaren zentzua «desitxuratzen» duela aipatu zuten, eta Espainiako Federazioaren presioei «men egin» izana salatu zieten Euskadiko eta Kataluniako Futbol federazioei. Dena den, ESAITek «hartutako konpromisoak errespetatzea» erabaki zuen, baina «ofizialtasuna aldarrikatzeko asmoz», bi ekintza egiten saiatuko dela adierazi zuen: larunbatean entrenamenduaren ostean ofizialtasuna aldarrikatzen duen pankarta euskal jokalariek babesean prentsaren aurrean azaltzea. Igandean, berriz, arratsaldeko bostetan, Camp Nou futbol zelaian, «Eta ofizialtasuna?» lelopean elkarretaratzea egitea.
Federazioaren «joko zikina»
Manifestua irakurri ostean, Martxel Toledok hartu zuen hitza. «ESAIT eta Euskadiko Futbol Federazioaren arteko harremanak hautsita ez badaude ere, oso hoztuta daude», esan zuen.«Euskadiko Futbol Federazioarekin bildu garelarik, nazio ikuspegia zuten partidak babestuko ditugula hitzartu genuen, eta batzorde misto bat sortzea erabaki genuen. Igandeko partida dela-eta, planteamendu garbi bat egin genuen: ofizialtasunaren aldarrikapenak zentzua hartu behar zuela partida honetan», aipatu zuen. «Bi planteamendu jarri genituen mahai gainean jarraitu zuen Toledok: batetik, bi taldeetako jokalariak protagonista izan zitezela ofizialtasunaren aldeko pankarta batekin irtenda futbol zelaira, eta, bestetik, prentsaurreko bat ematea Euskadiko eta Kataluniako jokalari banak ESAITeko eta Kataluniako Plataformako kide banarekin». «Planteamenduak onartu ostean, antolatzaileek aukeratu leloa ikusi genuen ez gaude kontra, erabat testuingurutik at, eta ekitaldia desitxuratu zuen. Alabaina, Federazioari kexatzean, horiek esan ziguten ez zegoela manipulaziorik, Kataluniako Federazioak erabaki zuela zein lelo hautatu, eta ados zeudela berak ere. Federazioak joko zikina egin du, eta haserre gaude». Hala ere, Euskal Herriko «zaleen babesagatik gustura» azaldu zen Toledo. «Euskal Selekzio gehiena eta zaleak gurekin bat datoz; hala nola, Euskal Hintxak, Eztanda, Indar Gorri, Peńa Mujika, Herri Norte eta Abertzale Sur». Bartzelonara joatekoak direnei buruz, Toledok aipatu zuen zortzi autobus bete dituztela Eroskiren bitartez. «Hainbat zale beren kabuz joango da. Mila lagun inguru mugitu dira. Sarrerak ere KataluniakoPlataformaren bidez %50 merkeago lortu ditugu eta Eroskiren esku utziko dira».
Batasunaren iritzia
Batasunak, berriz, Katalunia-Euskadi neurketa «selekzio ofizialen arteko partida baten ordezkoa» dela adierazi zuen.«Igandekoa gauza sinbolikoa da, nahiz eta baduen garrantzia. Egin beharrekoa selekziooi leihaketa ofizialetan parte har dezaten uztea da» .
David Cuellar ez da Bartzelonan izango igandean
David Cuellar Tarragonako Nastic taldeko jokalariak ezingo du igandeko Katalunia-Euskadi partidan jokatu, bizkarreko arazoak direla-eta. Atzoko saioan bizkarreko mina nabaritu zuen erdilari nafarrak, eta sendagileek egokiena Cuellar Bartzelonara ez eramatea dela erabaki zuten.-
Kataluniako selekzioen aldeko iragarki bat emititzea debekatu du epaileak
BARTZELONA Bartzelonako bederatzigarren administrazioarekiko
auzietako salak Kataluniako Selekzioen aldeko Plataformaren iragarki bat
telebistan emititzea debekatu zuen atzo, «adinez txiki direnen artean konpontzen
zailak izan daitezkeen aurreiritziak sor ditzakeelakoan».
Erabaki hori Ciutadans de Catalunya alderdiak egindako
eskaeraren ondorioz hartu zuten.
Iragarkian, gorriz jantzitako haur batek Espainia
sinbolizatzen ei duenak Kataluniako elastikoa daraman beste bati ez dio
jolasten uzten.
Epailearen aburuz, umeen artean portaera
diskriminatzaileak sortzen ahal ditu futbolean jokatzerakoan kolore batzuk edo
besteak defendatzeagatik. «Adinez txikiei zuzenduriko mezuekin kontu berezia
izan behar da eta iragarki horrek sor ditzakeen kalteak konpontzeko zailak izan
daitezke», esan du.
|