- Trontza
Mutilen eta nesken Euskal Herriko finalak jokatuko dituzte Agurainen
·Txapelak bihar 18.30ean izango diren saioen ostean banatuko dituzte
DONOSTIA
Euskal Herriko trontzalarien Txapelketa jokatuko dute bihar, Agurainen, 18.30ean. Bertan, nesken eta mutilen txapelak banatuko dituzte, bietako finalak izango baitira.
Nesketan, honako kirolari hauek lehiatuko dira: Rojo-Montoya eta Apodaka-Moreno (Araba),Etxeberria ahizpak eta Etxebarria-Etxebarria (Bizkaia), Ariztegi-Galarregi eta Agerre-Txueka (Nafarroa). Beraz, hiru herrialdek izango dute ordezkapena final horretan. Biko bakoitzak 45 ontzako enbor bati hamar epai etzanda eman beharko dizkio.
Faboritoak aipatzerakoan, garbi-garbirik ez dago. Lana ez da luzea, eta lehia eta borroka ez dira falta izango. Sei biko maila onean dabiltza, eta bertara doazen herrialdeek beren artean ez dute alde handiegirik.
Mutiletan, berriz, honako kirolari hauek lehiatuko dira: Perez de Heredia-Velez de Mendizabal eta Altzola-Cuervo (Araba), Intxaurbe-Olivares eta Arana anaiak (Bizkaia), Esnaola anaiak (Gipuzkoa), Barberena anaiak eta Aizkorbe-Cano (Nafarroa).
Biko bakoitzak, hasteko, 60 ontzako enbor bati bost epai eman beharko dizkio etzanda. Jarraian, kana-erdiko bati sei epai emango dizkio zutik. Ondoren, enbor berari sei epai etzanda emango dizkio, eta azkenik, 60 ontzakoari sei epai etzanda eman beharko dizkio biko bakoitzak. Esnaoloa anaiak izango dira faboritoak. Gipuzkoako txapeldunak dira, eta Euskal Herriko txapeldunak ere bai. Iaz, Aitorrek Joxe Gabirondorekin lortu zuen txapela, baina Igorrek ere Gabirondorekin behin baino gehiagotan jantzi du. Aitorrek, min hartuta, urte batzuk geldirik eman behar izan ditu, baina iaz itzuli zenean, bere mailarik onena agertu du. Aurten, anaiarekin ere oso ongi aritu da. Igorrek ere eskarmentu handia dauka, eta Gipuzkoako Txapelketan besteen gainetik agertu ziren. Askoren ustez, Barberena anaiak izan daitezke Gipuzkoako txapeldunen aurkaririk gogorrenak. Horiek gogor ahaleginduko dira Legorretako anaiak mendean hartzen, eta horretarako, ahalegin berezia egingo dute. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu beharko dituzte Aizkorbe eta Cano ere.
Horiek bigarren izan ziren Nafarroako Txapelketan, baina Barberena anaiek bi segundo bakarrik kendu zizkieten, eta orduko ordaina ematen ahaleginduko dira. Arabako txapeldunak ere ezin utziko dira bazterrean. Velez de Mendizabalek eskarmentu handia du. Urte asko daramatza trontzan, eta lehiaketa askotan aritu da. Aurten, besteren artean, aitzurrarekin, lastoa altxatzen eta lasto-jaurtiketan ere aritu da, eta finalak zer diren ongi daki. Perez de Heredia alboan seguru sentitzen da, eta bikote nahiko sendoa osatzen dute. Hala ere, finaletan edozer gerta daiteke, nerbioek zerikusi handia izaten baitute.
|