Lakuak Israelekin dituen harremanak eteteko exijitu diote Ibarretxeri
·Judimendiko joaldunak aurrean jarrita, kalejira egin dute Gasteizen Ajuria Eneraino
GASTEIZ
Berrogeita hamarren bat lagunek kalejira egin zuten atzo eguerdian, Andra Mari Zuriko plazatik abiatu eta Ajuria Eneraino, Judimendiko joaldunak (joan den udan Palestinan israeldarren check-point edo kontrol militar baten aurrean ibili zen taldea) buru zituztelarik. Ekimenaren helburua Juan Jose Ibarretxe lehendakariari Lakuako Gobernuak Israelekin dituen harremanak eteteko exijitzea zen.
Mobilizazioa Ajuria Enera iritsitakoan, Manex Agirre eta Iñaki Viñaspre bertsolariek bina bertso kantatu zituzten megafono batekin Ajuria Enera begira. Ondoren, ekimenaren helburua azaldu zuen Ruben Sanchez Bakaikoa Askapeneko kideak. «Erkidegoko lehendakariak ‘Israel’ entitate sionistarekin dauden harreman guztiak eten ditzala exijitu» du Askapenak: politikoak, diplomatikoak, militarrak... Baita akademikoak, kulturalak eta kirol arlokoak ere.
«Israeldar entitate sionistako alderdi politikoek, sindikatuek eta gizarte zibil-militar osoak esan zuen Sanchez Bakaikoak, eta Estatu Batuetan batez ere aritzen den ‘lobby’ sionistak ere ‘lurrik gabeko gizakientzako gizakirik gabeko lur batean’ Israelgo Estatua sortu ahal izateko palestinar suntsipenerako politikarekin bat egiten dute. Beraz, boikot orokorra eta harreman etenaldia» bidezkoak direla diote Askapenekoek. «Edozein adierazpen sionista-israeldarren kontrako boikot orokorra, akademikoa, zientifikoa, komertziala, finantzarioa, artistikoa, kulturala, kirol arlokoa, hedabideena, sindikala edo politikoa, ezinbestekoa da beren egitasmo arrazista eta genozidari utzi diezaioten, Sudafrikako ‘Apartheid’ gobernu eta gizarte zibil boerraren erregimenarekin gertatu zen bezala», dio Askapenak.
|