GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-10-22
Julen Murgoitio
Katetoa

Etxean dugun prozesu politikoaren antzeko zer honetan norabide askoko mezuak ari dira gure inguruan, horietariko batzuk behintzat spam hutsak direla, nire ordenagailura asteburuetan sartzen direnak baino gehiago. Birus-aurkakoren bat edo beharko genuke begietan goizean prentsa eskuetan hartzen dugunean; eta belarrietan ere berdin, irratia eta telebista pizten dugunerako, belarrietako ezkoak berak ez baitu normalean iragazlan nahikorik egiten, horretan laguntzen badu ere, batez ere urteak eman badituzu belarriak barrutik garbitu gabe. Tira, harira. Hiru fronte-edo nagusitu dira amaitzear dagoen astean politikoa omen den hemengo prozesuan. Alde batetik, gatazkaren muina handik eta hemendik nazioarteko bihurtzen ari den honetan Euskal Herriko ekialdeko lehendakariak bere ekarpena egin gura izan du, oraingoan erdaraz izan arren, eta nor eta Pitagoras bera ekarri ere gatazkaren zelaira, bide batez matematikari gatazka politikoak konponbidean jartzeko tresna izaera ezagutuz. Ene, ene! Pitagoras! zenbat urte izan dudan nik ahaztuta haren teorema, katetoen eta hipotenusaren arteko bizikidetza aspaldian arautu nahi izan zuen teorema hura, batari eta besteari triangelu zuzenean geratu edo handik joateko eskubidea aitortzen zien teorema! Eta hona, Pitagoras gure artera ekarri! Gora Hipotenusa askatua! Gora katetoak! Tira, harira. Ekialdeko lehendakariaren ekarpena izan da; ekialdekoa, bai, sortaldekoa esatea larregi esatea delako, hango Gobernuan ez baita prozesuari begira fundamentuzko gauza handirik sortu, fundamentalista asko eta askotarikoak izan arren.

Aste honetako beste fronte batek Euskal Herriko mendebaldeko lehendakaria izan du ardatz. Auzi-bidean jarri berri dute hori beheko Estatuko justiziazale zer horiek Ajuria Eneko haren besaulkietan ezkerreko abertzale batzuk jesarri zirelako. Seguruenik auzi-bideratze hau izan zuen lehengoan buruan sortaldea ez den ekialdeko lehendakari hark gauzak bide onetik doazela esateko zantzuak izan badirela bota zuenean. Seguruenik. Tira, harira. Mendebaldeko lehendakariaren albokoek argi utzi dute nagusiaren aurkako lege-oldartze hori ez dela doako aterako. Mehatxua ote? Bai zera!, datorrenaren aitorpena baino ez. Izan ere, euskal herritarroi ez zaigu auzibide hori doako aterako, ez eta hurrik eman ere! Zenbat diru eta dirutza bideratu beharko da horra, beheko Estatuko hiribururako bidaietan, abokatuetan eta lege-borroketan? Kupotik kitatuko ote du hori La- kuak ala kupoaz gaineko beste kupoa izango da? Ene, ene! Pitagoras gizajoa, nora ekarri zaituzten! Lege-kateto madarikatuak! Tira, harira. Hirugarren frontea iturriarena da. Ez irakurri lagun, kantatu: Laguntxo nora zoaz eder galant hori? Estrasburgora noa nahi al duzu etorri? Estrasburgon zer dago? Bilera handia, hantxe esango dugu nahi dugun guztia. Eta hara, euskal lurralde guztietako jendea, eskutik lotuta, asko eta askotarikoa, hipotenusa eta katetoak, triangelu zuzen propioa aldarrikatzeko, non eta han. Baina, hauxe kolpea! Bidaide ba- tzuk kanpoan geratzeko arriskuan dira. Nori eta giltza duenari atea itxiko ote? Pitagoras: ulertzen al duzu ezer? -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«La parte vasca debe acordar que unos no vuelven a las armas ni el PNV a la noria de la autonomía»
Kultura
Dorleta Urretabizkaia nobelan eta Mikel Peruarena poesian, euskarazko Irun saridunak
Ekonomia
«El Gobierno de Lakua nos ha dejado tirados»
Euskal Herria
Bateraren biltzarrak 46.000 sinadura lortu arte lanean jarraitzea erabaki du
Euskal Herria
Una ola por los presos
Euskal Herria
Presentan un acuerdo base para perfilar un sistema educativo propio
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss