Naufrago batekin gertaturikoa kontatu zidan behin osabak, haren ahots leun eta esku handiez. Osaba arrantzalea zen, gure osaba gehienak bezala, nahiz eta gure belaunaldian, lehengusuen artean, bakarra baino ez izan arrantzalea gaur egun, eta beste bat portuko langilea. Gainerako guztion lanek ez dute zerikusirik itsasoarekin. Lehortarrak gara, halabeharrez. Aitaren eta amaren familietan hori, bi-bietan. Aitona biak, zer esanik ez, itsasgizonak ziren.
Baina noan harira. 50eko hamarkadan itsas galera handia izan zen gure kostaldean. Ez zen aurrenekoa izan. Galera handiak izan baitziren aurreko urteetan ere. Baina mintzagai dudan itsas galera horretan arrasteko txalupa bikotea hondoratu zen. Bi ontzi. Eta itsasontzian zihoazen denak ito ziren, gizon denak. Denak bat izan ezik. Vigoko tostarteko bat atera zen bizirik ataka latz hartatik. Orduak eta orduak eman zituen olatuen artean bakarrik. Baina salbu atera zen azkenean.
Portura ekarri zutenean, baina, erabaki bat hartu zuen naufragoak. Bizitzak emandako bigarren aukera horri heldu eta itsasoan ohol bati helduta igarotako gau luze hura ahaztu guran, berriz hastea erabaki zuen, berriz jaio izan balitz bezala, eta jaioterrira itzuli zen Euskal Herria utzita. Ahaztu nahi zuen iragana, kosta ahala kosta. Hondoratutako itsasontziko zubian pintaturik zetorren «Ondarroa». Ondarroakoa baitzen bafora.
Eta halaxe, handik urte batzuetara, itsas galera gainditu zuela uste zuenean, Vigora sartu ziren osaba eta beste mutilak. Marineko portuan egiten zuen lan gizonak, lehorrean, itsasoratze barik. Gizon hark ez zuen izan ondarrutarren berri garai batean, horregatik osabaren itsasontziko zubian «Ondarroa» ikusi zuelarik, urteak atzera egin zuen bat-batean eta izu-ikara zabaldu zitzaion gorputz guztitik, berriz bizi izango balitu bezala ahaztuxe uste zuen naufragioko ordu luze horiek. Mugitu ezinik geratu zen une batez.
Hala eta guztiz ere, berehala bueltatu zen bere onera eta osaba zihoan ontzira hurreratu zen eta ondo hartu zituen marinelak. Agurtu egin zituen amultsuki eta jana ere eman zien denei, Euskal Herrian bizi izandako une goxoak gogoan.
Izan ere, inoiz ez dugu dena on ala dena txar gogoratzen. Oroitzapenak ez dira inoiz jite berberekoak. Eta gizon hark ere, hiltzeko zorian egon arren eta lagun asko bere aurrean itotzen ikusi zituen arren, izango zituen beste batzuk onak.
Iragana aurrez aurre ikusi zuenean lortu zuen ahaztea benetan jasandako nahigabe guztiak. -