GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-10-22
Juan Manuel Erasun Eizmendi - Segalaria
Aiako probalekuan iruzurra

Sinestezina Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren eta Aiako Udalaren jarre- ra. Herri kirolaren munduan hamaika apustu, txapelketa eta erakustaldi ikusi ditut nire bizitzan, baita zuzenean parte hartuz ere. Baina inoiz ez dut ikusi «iruzur» handiagorik egiten ikusleei, joan den irailaren 16an, Aiako probalekuan jokatu zen abere apustuan baino. Sekula baino haserrealdi handiagoarekin utzi nuen probalekua. Nire moduan, ikusle asko irten zen haserre. Ikusle gehienok, erabat «traizionatuta» edo engainatuta sentitu ginen.

Haserre horren ondorioa eta zehatz-mehatz «iruzurra» zertan oinarritzen zen argitu nahian, ikusle talde batek apustua amaitu eta bost minutu ingurura harriari buelta ematea erabaki zuen. Zeren, ordura arte ikusitako xantaia jasan ezinak eta Federazioko epaileen zuhurtzia faltak edo ezgai izateak apustua normaltzat jo baitzuten. Harriari buelta eman ordurako agertu zen bekatua. Hau da: harria nahita manipulatua zegoela, alegia. Ez edozein moduz manipulatu ere! Harria manipulatu zutenek ondo baitzekiten nola manipulatu. Harriaren azpialdean, bere pisuaren erdialdean, lurrean asentatzeko txaflan bat utzi zuten, eta beste guztia, bai aurrealdean, bai atzealdera, kuna bana moztua zegoen zerra batekin. Iruzur ikaragarria, alajaina! Sinestezina baina egia!

Ikusle gehienoi, apustuan gertatzen ari zena sinetsi ezinik, egonezina areagotzen joan zitzaigun. Ikusten ari ginena normala ez zelako, harriari buelta ematea erabaki zuen ikusle talde batek. Ondo hartutako erabakia, izan ere!

Apustu hori epaitzeko ardura Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko bi epailek zuten. Baina kontua da: probalekuetako apustu eta txapelketa guztietan, proba hasi baino bi ordu lehenago, apustu tokiaren eta harriaren ikuskaritza egiten dira. Apustu honetan salbu. Zergatik? Ez dakigu. Edo egin bazen ere, ez zen behar bezala egina izanen! Harriari egindako manipulazioa hain zen handia eta nabaria, itsua ere konturatzeko modukoa baitzen. Epaile horiek ez ziren konturatu (edo ez zuten konturatu nahi izan). Bi abereak ordu erdi banatan lanean aritu eta gero, ikusle gehienok harmailetatik konturatu ginen apustua ez zihoala normal. Hortik atera kontua epaileen jarrera nolakoa izan zen. Tamaina horretako manipulazioa egina zuen harriak, eta, epaileak harriaren ondoan ibili bueltaka ibili eta ezertaz ez ohartzeak zer pentsa ematen dit niri eta, bide batez, pisuzko «sospetxa» dut, ikusle askok bezala. Suposatzen da epaile adituak direla, ezta? Bestela nola da posible epaileak ez konturatzea? Apustua amaitu eta bost minutura, harria buelta emanda zegoenean, epaileak artean han ziren, nahiz eta akta jasotzat eman bi apustulariren sinadurarekin. Baina probalekutik atera baino lehen, ikusi zutena ikusi- ta, zergatik ez zuten aktan jaso edo gehitu ikusle gehienak ikusten ari zirena eta gertatutako «irregulartasuna»? Agian, ez zitzaielako hori jasotzea interesatzen?

Sarritan, denbora aurrera doan heinean, kontu gehiago jakiten da eta kasu honetan ere horrela ari da gertatzen. Alegia, apustuan erabili zen harria, azken hilabetean, bi alditan Aiako probalekutik kanpo erabilia izan omen da, beste herri batean erakustaldiren bat egiten. Nork egin zuen harria eramateko eskaria? Nori? Aiako Udalak ba al zekien harria nora eraman behar zuten? Aiako Udalak horrelako kasuetarako zer arau edo baldintza ipintzen ditu harria beste herri batera eramateko? Harria ateratzerakoan eta itzultzerakoan ikuskatu al zuten? Itzultzerakoan ez, behintzat! Harria kanpora eramateko eskaria egiten dutenei fidantzarik eskatzen al zaie? Harria nork garraiatu zuen? Galdera asko, ezta? Bai. Baina gehiago ere egon badaude!

Aiako probalekuaren arduraduna Aiako alkateordea da. Apustua epaitu zuten epaileetako bat da.

Apustu horren inguruan eta arazo hauen guztien inguruan, nire uste apalean, iluntasun handia dago, eta argitzeko borondaterik bat ere ez. Bai Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak bai Aiako Udalak kasua itxitzat eman dute. Zer ikertua bazuten arren. Harria manipulatu duten arduradunak, berriz, plazarik plaza ibiliko dira, nahiz eta jakin gutxi gorabehera nortzuk izan direnŠ Baina kasua azkar itxitzat eman dutenez gero, ikusleok gutxi egin dezakegu arduradunak bilatzen. Bi erakunde horiek lehentasunez ikertu behar zuten, baina, ikusten denez, ez zaie interesatzen gertakari larri horiek argitzea. Kirolari eta kirol ikusle bezala, mingarria zait oso horrelakoak gertatzea, baina larriagoa da Aiako Udalak eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak «manipulatzaileak» bilatzeko gutxieneko esfortzurik ere ez egitea. Horrelako zigorgabetasunarekin batzuk babestuz, Aiako probalekuan egin dutena errepikatzen jarraituko dute. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«La parte vasca debe acordar que unos no vuelven a las armas ni el PNV a la noria de la autonomía»
Kultura
Dorleta Urretabizkaia nobelan eta Mikel Peruarena poesian, euskarazko Irun saridunak
Ekonomia
«El Gobierno de Lakua nos ha dejado tirados»
Euskal Herria
Bateraren biltzarrak 46.000 sinadura lortu arte lanean jarraitzea erabaki du
Euskal Herria
Una ola por los presos
Euskal Herria
Presentan un acuerdo base para perfilar un sistema educativo propio
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss