- Berezkoak
Waltarik erraz menderatu du Goņi II.a
DONOSTIA
Pilote Passion enpresak antolatzen duen Urrezko Eskua Txapelketako finala Hegiabeherek eta Waltarik jokatuko dute datorren asteazkenean, Baionako Moderne trinketean.
Lehen faseko azkeneko jardunaldia herenegun gauean jokatu zuten Senperen. Bertako partidarik erakargarriena Waltarik eta Goņi II.ak jokatu zuten neurketa izan zen, baina ez dago konparatzerik, kubatarrak 40 eta 17 irabazi baitzion. Sakean egon zen partidako gakoa, Waltarik 22 sartu baitzizkion. Gainera, Goņi II.ak beti amerikarraren menpe egon behar izan zuen.
Beste partidan, Hegiabeherek 40 eta 26 irabazi zion Lazkanori. Partida orekatua izan zen, 23. tantoan berdinduta egon ziren arte. Ondoren, irabazlearen eskarmentua garrantzizkoa izan zen, eta amaieran berak lortu zuen garaipena. Asteazkeneko jaialdia 19.00etan hasiko da, eta aurretik, Berasategi eta Uriarte neurtuko dira, hirugarren postua lortu nahian.
Trinketeko EPBk enpresak antolatzen duen Baigorriko Torneoan, gaur jokatuko dute bigarren finalerdia, 17.30ean hasita. Bertan, Larretxea eta Ezkurra II.a Etxeberri eta Kurutxariren aurka neurtuko dira. Ibarrola eta Dermit jadanik finala jokatzeko sailkatuta daude.
|