Koldo Mitxelenak 1954tik 1961a arte idatzi zituen zinema kritikak, liburuan
DONOSTIA
Donostiako Euskararen Udal Patronatuak Alberdaniarekin batera sortutako Donostiako Bertako Sailean argitaratu dute “Denbora bateko zinema paperak 1954-1961” izeneko liburua. Bertan, Koldo Mitxelena (Errenteria, 1915-Donostia, 1987) hizkuntzalari eta idazleak “Egan” aldizkarian zazpi urteko epe horretan egindako zinema kritikak jaso dituzte.Inazio Mujika argitaratzaileak atzo Donostian egin aurkezpenean azaldu zuenez, garai hartan Mitxelenak zinema kritika egin zuen aldizkarian, Gurutz Ansolarekin batera. 1981ean, Bilboko Nazioarteko Zinema Labur eta Dokumentalaren 23. Lehiaketaren antolatzaileek denak bildu zituzten, eta ele bitan argitaratu zuten, euskaraz eta gaztelaniaz, aldizkari tankerako liburuxka batean. Argitalpen hartarako, Mitxelenak hitzaurre bat idatzi zuen, eta bertatik eman zion izenburua zinema paper sorta hari: “Denbora bateko zinema paperak”. Horiek hala, argitaratzaileak oraingo lan honetarako artikulu haiek guztiak bildu ditu, hautaketarik egin gabe, bai eta jatorrizkoekin erkatu, falta zena osatu, eta euskara batuaren gaur egungo legeetara ahal zen neurrian aldatu ere, atzo adierazi zuenez.
Gaurkotasun handiko idatziak Argitaratzaileak ez ezik, udaletxean egin prentsaurrekoan Ramon Etxezarreta Donostiako Kultura zinegotzia ere izan zen atzo. Batak eta besteak hauxe nabarmendu zuten: «Gaur egun ere aktualitate ikaragarria duten testuak dira hemen bildutakoak».
Nolanahi ere, segidan argitu zuten Mitxelenak zinemari buruz egin zituen iritzi artikuluez harago doazen idatziak jasota daudela liburuan. «Prosa eder eredugarriz dotore adierazita daude orduko eta betiko gizarte gaiak, gure herrikoak eta kanpokoak, umorez batzuetan, ironia erabiliz, hunkitzerainoko sentimenduz beste batzuetan, haserre ere bai inoiz... », zehaztu zuten. Laburbilduz, hizkuntzalaria ezagutzeko, euskaraz eta prosaz gozatzeko eta zinemaren bidez orduko gizarteaz jabetzeko ezinbesteko liburutzat jo zuten lana.
Donostiako Bertako Saila Donostiako Bertako Sailean kaleratu duten zortzigarren lana da hori. Atzo gogorarazi zutenez, Sailak hiriburuko hainbat kontu, jazoera, kultur ekintza eta pertsonaia ilunpetik ateratzea eta gogora ekartzea du helburu, eta, bide batez, hiriari buruzko materiala bildu eta berrantolatzea. Donostiaren eta donostiarren inguruan idatzi dena edo argitara eman gabe kontatzea merezi duena bildu nahi du, finean, Bertako Sailak.
“Denbora bateko zinema paperak 1954-1961” izeneko lanak ere bide horri eusten dio. Hizkuntzalari eta idazle aski ezaguna da Mitxelena, eta haren iritziekin osaturiko liburua donostiarrentzat ez ezik, edozein euskaldunentzat ere interesgarria izango dela nabarmendu zuten.
|