DONOSTIA
Nazioarteko Giza Eskubideen Eguna dela-eta, Udalbiltzak hainbat ekimen egingo ditu naziotasun eskubidea aldarrikatzeko. Hori adierazi zuten atzo Loren Arkotxak, erakundearen presidenteak, eta Peio Gasconek, naziotasun arduradunak. «Eskubideen eguna izanik, eta kontuan izanikbai Euskal Herriaren bai euskal herritaren eskubideak ere ukatu egiten direla, egun hori aldarrikapen eta salaketa eguna bihurtu nahi dugu», azaldu zuten.«Gure naziotasuna eskubidea da baina eskuratu egin behar dugu», gaineratu zuten. Helburu horrekin, Naziotasun Eskubidearen Eguna antolatu du hilaren 16rako eta 17rako. Nazio izateko eskubidearen aldarrikapena izango da egingo diren ekimenen ardatza, eta eskubide hori urratzen den artean, hots «Euskal Herria nazioa dela onartu arte», lanean jarraituko dutela helarazi zuen Arkotxak.
Gaur egun, euskal herritar izatea «erabili eta islatzeko tresna bakarra» EHNA dela nabarmendu zuen. «Naziotasun inposatu bati aurre egiteko gure eskubidearen erabilera praktikoa da», adierazi zuen.
Era berean, «inoiz baino garrantzitsuagotzat» jo zuen eguneroko eskubideen urraketa salatzea. Hori dela-eta, gutxi barru Udalbiltzak «Euskal herritarron eskubideen urraketen txostena» aurkeztuko du. «Ezin dugu horrekin etsi», adierazi zuen Arkotxak. Salatzeaz gain, eskubideak erabili beharra nabarmendu zuen. «Norbere ekarpenaren bidez, ekarpen koletiboa ere egingo dugu eta, azkenean, lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea onartzea lortuko dugu», adierazi zuen Arkotxak.
EHNAk balio duela berretsi zuen arren, ez dela nahikoa esan zuen. «Gainerako herriek gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea ere aitortu behar dute», aipatu zuen. Hala, iaz Udalbiltzak abian ipini zuen ekimena gogora ekarri zuen, hau da, Nazio Batuei zuzendutako «eskakizun ofiziala». Orrialde horretan, estatu espainolaren eta frantsesaren «inposizioa salatu, gure naziotasuna aitortu eta egin beharrekoak egiteko» eskatzen dio NBEri.
Aldarrikapen horiek guztiak plazaratuko ditu Udalbiltzak Durangoko azokan urtero bezala. Beharrezko agiriak aurkeztuta, EHNA bideratzeko aukera egongo da eta agiria dutenek «eskakizun ofiziala» bete ahal izango dute.
Abenduaren 11n eta 18an, berriz, Leioako, Ibaetako, Iruñeko eta Gasteizko campusetan egingo dira bideratzeak. Abenduaren 15ean, langileek hartuko dute lekukoa, eta eskaerak lantegietan egingo dira. Azkenik, abenduaren 16an eta 17an EHNA hamaika herritan egiteko aukera egongo da. Horretara deitu zuen atzo Udalbiltzak.
53.000 EHNA bideratu dira orain artean
Orain artean, 53.000 EHNA bideratu dira, eta 4.000 «eskakizun ofizial» bildu dituzte, Arkotxak azaldu zuenez. Diasporan eginiko lana ere txalotu zuen. Adibide gisa, euskal jatorriko 300 argentinarrek EHNA eskuratu dutela adierazi zuen. Horrekin batera, hainbat eskualdetan argitaratu diren «erabili gidak» eta hilaren 23an Ikasle Kontseiluen bozetan EHNA erabili izana nabarmendu zituen. Bai Euskal Herriari-k abenduaren 6rako antolatu duen mobilizaziora deitu zuen Udalbiltzak. -