«Ez ireki, panfleto kontzentratua» liburua kalean da
·Hartzea Lopez Aranak idatziriko iritzi artikuluak argitaratu ditu Gatuzainek
Hartzea Lopez Aranak, Gatuzain argitaletxeko sortzaileetako batek, «Euskal Herriko Kazeta»n 2004 eta 2006 urteen artean argitaraturiko iritzi artikuluak biltzen ditu «Ez ireki, panfleto kontzentratua» liburuak. Hainbat gizarteko gai ikuspegi kritikoarekin jorratzen ditu Gatuzainek argitaratu liburuak.
BAIONA
Gorbata besterik ez zuen falta Hartzea Lopez Aranak, traje marradun dotorearekin eta “The Wall Street Journal” besapean hartuta joan baitzen prentsaurrekora. “Ez ireki, panfleto kontzentratua” izenburuarekin, jendeak esaten dionaren kontrakoa egiten duenaren kontrakotasun jokoarekin jostatu da idazlea. Jokoa egiten jarraituz, botere politiko eta sozialek ezartzen duten irudia baliatu zuen «kolpeak denok biltzen duten/dugun» iritzi artikuluen bilduma den liburua aurkezteko.
«Eraikuntza eta suntsiketa, abertzaletasuna eta komunismoa, herrikoitasuna eta esnobismoa, amodioa eta amorrua, folka eta punka» gaiei buruzko iritziak pausatu izan ditu Lopez Aranak azken urteotan, “Euskal Herriko Kazeta”n. Gai horiek jorratzeko era «%100 mingarria» dela ziurtatu zuen idazleak. Liburuaren hitzaurrea Hur Gorostiagak idatzi du, “Euskal Herriko Kazeta”ko zuzendariak, eta atzoko prentsaurrekoan adierazi zuen: «Hartzea Lopez Arana mundu honekin haserre dago: hautetsiekin, Elizarekin, injustiziarekin, kazetariekin... Gazte errebelde izateari atxiki dio». Gatuzain argitaletxeko sortzaileen artean dago, eta idazlearen parioaren garrantzia nabarmendu zuen Gorostiagak.
«Liburua panfleto bat da. Osasunerako ona da panfletoak idatzi eta irakurtzea», esan zuen idazleak. Panfletoa ez da nolanahikoa, ongi «kontzentratua» baitago ehun orrialdetan. Irakurlea «zirikatzea eta amorratzea» bilatzen du panfletoaren idazleak; izan ere, gaur egungo gizartea kapitalismoaren iruzurrean bizi dela eta noizbehinka hori gogora ekarri behar dela uste du Lopez Aranak.
«Norberaz eta besteetaz barre egitea komeni da», adierazi zuen idazleak. Azken urteotan hilabetero iritzi artikuluak idatzi dituenean Lopez Aranak «tripekin» eta «buruarekin» hitz egin duela esan zuen, bere burua biluzten. Kontraesana eta polemika bilatzen dituen diskurtsoa egiten zuen bitartean, idazlea politikarien erara mintzatu zitzaien prentsaurrekoan presente zirenei: «Gaur egun daramadan politika errealista da, eta indar guztiarekin bide berean segitzeko asmoa dut», esan zuen.
|