IRUÑEA
Tuteran dagoen Guardian Navarra enpresako zuzendaritzak lantegiaren labea konpontzea erabaki du. Joan den urriaren 19an funtzionamendu arazoak izan zituen baliabide hori behar bezala atontzeko 20 eta 25 milioi euro bitartean inbertituko dituzte. Beirak egiten dituen Guardian enpresako presidenteorde Luc Theis-ek adierazi zuen NafarroakoGobernuak lanen balioaren %20 inguru finantzatu dezakeela. Era berean, Theisek jakinarazi zuen zaharberritze lanerako, Kalifornian eta Saudi Arabian dituzten labeak konpontzeko erabili behar zituzten materialak ekarriko dituztela, Tuterako labeak lehentasuna duelakoan. «Arrisku» hori hartuko dutela adierazi zuen, material horiek erabilita aipatutako bi herrialde horietako labeen konponketa zortzi bat hilabetez atzeratu beharko baitute.
Itsasontziz garraiatuko dituzten material horiez gain, aste honetan Zaragozako aireportura lantegi horretara eramango dituzten hainbat pieza iritsiko dira, betiere Tuterako labearen konponketa-epea murrizteko.
Joan den urrian arazoa gertatu zenetik, lantegiko zuzendaritza taldea sakabanatuta dituen 25 lantegietan Tuterako labea konpontzeko piezen bila aritu da. Berez, labe hori 2009. urtean zaharberritu behar zuten. Orain, urrian izandako funtzionamendu arazoak direla-eta, lan horiek aurreratzea erabaki dute. Labea zaharberritu bitartean, lantegiko jarduera mantendu dadin, Tuterara beste lantegietatik ekarritako lehengaiak eramango dituzte.
Theisek Nafarroako Gobernua eskertu zuen lantegiak irekita jarrai dezan emandako laguntza dela-eta. «Keinuak akordioetan aurrez ikusten diren edukiak baino garrantzitsuagoak izaten dira batzuetan», nabarmendu zuen.
Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzek, berriz, enpresari eskaintzeko prest dauden sostengua emateko diru-laguntza horiek «interes bereziko» laguntzen atalean sartzea pentsatuta dutela esan zuen, modu horretan Europako legedia bete ahal izateko.