Azaroaren 17an bi lankide eta ni gustora gentozen etxera. Donostiatik Zarauzko peajera iritsi ginenean Guardia Zibila zegoen bertan. Gu ikusi eta furgoneta baztertzeko esan ziguten. Urrian Zarauzko Arranora inbentarioa egitera etorri zirenean ezagutu genuen elkar haietako batek eta guk, eta bagenekien berriz topatu eta oso gaizki pasatuko genuela. Dokumentazioa eskatu ondoren, furgonetatik aterarazi ninduen. Bere aurpegia nirearen kontra jarri eta builaka hasi zitzaidan. «¡Hazte ahora el valiente! Con doscientas personas detrás es fácil, pero ¿ahora qué?». Furgonetaren atzeko ateen aurka bultza eta katxeatu egin ninduen. Bukatu zuenean zelai batera bidali ninduen, furgonetatik hogei bat metrora. Nere lankideak ere miatu eta ni nengoen lekura bidali zituzten.
Gure parean beraietako bat jarri zen bere metrailetarekin. Begietara begira ari zitzaidan etengabe eta nik ere begiratu nuen. «¿Qué miras?, ¿te gusto, o qué?». Nik orduan: «¿Y yo a ti?». «¡Mira chaval, aquí no hay cámaras y te puedo reventar la cabeza cuando quiera!». Bitartean furgoneta miatzen ari ziren besteak.
Bat-batean gure atzean zegoen norbaitek deitu egin zidan. «¡Aritz!, ¡Aritz!». Atzera begiratu eta eskularruak janzten ari zen Guardia Zibil bat ikusi nuen. Hurbildu nintzaion, besotik heldu zidan eta obretan aldaleku modura erabiltzen diren burdinazko bi kontainerren tartera sartu ninduen inork ez ikusteko moduan. Bertatik pasatzen ari zen langile batek, ordea, ikusi gintuen eta gerturatu egin zen. Segituan bidali zuen. Builaka hasi zitzaidan belarrira: «¡Hazte ahora el valiente como en la plaza! ¡No me mires a los ojos!». Bi eskuekin bular aldean heldu eta bortizki kontainerraren aurka jaurtiki ninduen. Kolpe handia izan zen. Berriz ere bortizki astindu ederra eman zidan. «¡He dicho qué gritabas en la plaza!». «Utzi bakean», erantzun nion. «¿Qué quiere decir eso?». «Que nos dejéis en paz». Nire lankideengana bueltatzeko esan zidan.
Honen ondoren banaka deitzen hasi ziren eta bakoitzari galderak egiten hasi ziren. «¿Es ésta tu dirección actual? Ya te haremos una visitilla. ¿Te han detenido alguna vez? ¿Perteneces a algún colectivo de la izquierda abertzale?...».
Guztira ordu bat eta berrogei minutu egon ginen beraien eskuetan era guztietako presioak jasaten.
Posible al da martxotik ETAk su-etena eskaini eta oraindik honelako egoerak jasaten jarraitzea? Atxiloketak, bizi osorako zigorrak, ilegalizazioaren jarraipena, tortura... izan dira eguneroko ogia denbora honetan. Eta batzuek prozesua ondo doala sinistarazi nahi izan digute.
Nik garbi daukat PSOE dela eraso guztien erantzule zuzena. Baina jasan ezin dudana PNVren jarrera da, betiere ezker abertzaleari egotziz erru guztia. Armen lapurreta, kale borroka eta Zarauzko ustezko zerrenda bat erabili dute aitzakia modura prozesua krisian dagoela ondorioztatzeko. Zarautzen egin duten kriminaliza- zioaren ondorioak hasi gara jasaten. Eta nire kezka da ez ote den oraindik ezer larriagorik gertatuko. Euskal Herri aske baten alde lanean ari den zarauztar asko jarri dituzte jo puntuan. Egunero kontrol bat aurkitzeko beldurrez edota gauean bisita bat izateko kezkaz utzi dute jende asko herrian.
Zalantza asko izan ditut gutun hau idatzi ala ez pentsatzean. Ez dakit zer motatako erantzuna jaso dezakedan betikoen partetik hau publiko egiteagatik, baina garbi dudana da eraso hauek kaleratzen ez badira, indartsuago bihurtzen ditugula. Animoak eman nahi dizkiet egoera kezkagarrian diren guztiei; eta beste aldera begiratzera ohituta daudenei, berriz, egiten ari direna hausnartzeko eskatu nahi diet. Honelako gertakariak Euskal Herriko egunerokotasunetik urrundu behar ditugu, eta horretarako guztion beharra dago. -