- Liga federala
Maule larri geratu da Nafarroaren aurkako derbia galduta
·Hori-gorriek 3 eta 8 irabazi zuten Zuberoako hiriburuan 3.000 ikusleren aurrean
MAULE
Nafarroak larri utzi du Maule, herenegun 3 eta 8 menderatu baitzuen Liga Federaleko Lehen Mailako euskal derbian. Partida ez zen ona izan, baina harmailetako giroa sekulakoa izan zen, 3.000 ikusle batu baitziren Marius Rodrigo Mauleko zelaiko harmailetan. Maulen bertan 3.000 biztanle bizi dira, eta Donibane Garazin eta Baigorrin bizi direnen artean beste horrenbeste batzen dituzte; beraz, sarrera ikaragarria izan zela onartu beharra dago.Partida ez zen handia izan. Etxeko taldeak ez zuen nahi gauzak okertzerik; Nafarroak, berriz, sailkapeneko erdiko aldean jarraitu nahi zuen. Pemejaren zigor-kolpe batek aurreratu zituen Nafarroa Behere- koak lehen zatian, eta jokaldi berari esker Marcariek neurketa bigarren zatian berdindu zuen. Partida bukatzeko hamar minutu besterik geratzen ez zenean, Seychalek lortutako entseguak erabaki zuen partida Nafarroaren alde. Maila horretako beste partidan, Donibane Lohizunek behar zuen garaipena eskuratu zuen Lannemezanen aurka 25 eta 8 irabazita. Lagenebrek lortu zuen gorri-berdeen entsegua, eta Haisagerrek transformazio bat, bost zigor-kolpe eta drop bat egin zituen. Sailkapenari begira jarrita, bosgarren multzoan, Nafarroa laugarren dago 19 punturekin, eta Maulek azken-aurreko postuan jarraitzen du 14 punturekin. Seigarren multzoan, berriz, Donibane Lohizune hirugarren dago 21 punturekin. Bigarren Mailan, Bokalek ez zuen izan inolako eragozpenik Soustons 56 eta 16 menderatzeko. Zortzi entsegu egin zituzten lapurtarrek. Guillteau, Daularens (2), Laseron (2), Barbier, Bourdieu eta Lanusse izan ziren egileak. Lau transformazio eta bi zigor-kolpe lortu zituen Lamothek, eta transformazio bat Capdupuyk. Donapaleuk, berriz, sekulako astindua hartu zuen Langonen zelaian, 53 eta 12 galdu baitzuen. Zuri-urdinek zortzi entsegu hartu zituzten. Hori bai, berak ere bi egiteko gauza izan ziren. Loustaunau eta Jaka izan ziren egileak, eta Tauzinek transformazio bat gauzatu zuen. Nafarroa Beherekoek partidako azkeneko hamar minutuak lagun bat gutxiagorekin jokatu behar izan zituzten, Garatek txartel gorria ikusi baitzuen. Hirugarren Mailako emaitzak honako hauek izan ziren: Hendaia 21 / Pont Long 0; Angelu 44 / Tion des Landes 23; Villenauve de Marsan 23 / Senpere 0; Bardoze 7 / Mugerre 21 eta ASB 6 / Larresoro 6. Azken horixe izan zen aste honetako derbia. Partida estua baina kaskarra izan zen. Agerre anaiek egin zituzten Baionakoen puntuak zigor bat eta drop bat gauzatuta, eta Dabancazesek egin zituen Larresoroko puntuak bi zigorri esker.
Emakumezkoak
Baionako AS taldeak Frantziako Kopan aurrera egin du Rennes 12 eta 10 menderatuta. Allainmatek eta Kastrejanak egin zituzten berde-moreen bi entseguak, eta Bermejok transformazio bat gauzatu zuen. Rennesek zortzi nazioarteko jokalari ditu taldean, eta denek jokatu zuten.
|