BAIONA
Jean-Louis Borloo Etxebizitza, Enplegu eta Gizarte kohesiorako ministroak joan den azaroaren 24an Baionara egin zuen bisitan, Abertzaleen Batasuneko ordezkariekin bilkura bat izan zuen hiriko auzapez Jean Grenet-ek antolaturik. Talde abertzaleak Ipar Euskal Herrian duela bost urte egiten ari den etxebizitzaren gaineko kanpainaren karietara eskatu zuen hitzordua.
Abertzaleen Batasunak eta ministroak izan zuten bilkuran, ABk Euskal Herriko etxebizitzaren egoeraren berri eman zion ministroari, eta horrek ekartzen dituen desoreka sozialak nabarmendu zituen.
Abertzaleen Batasunak bi aldarrikapen helarazi zizkion Etxebizitza ministroari bilkuran. Alde batetik, etxe hutsen gainean dagoen legea alda dezala eskatu du ABk, hau da «ez-bizitze» tasa bat ematea etxe hutsen kontra borrokatzeko. Tasa mota hori legez 200.000 biztanle baino gehiago dituzten hiri-elkargoetan bakarrik ezar daiteke, baina talde abertzaleak adierazi zuen dekretu baten bitartez BABko hiri elkargoan ezartzea ere posible izango litzatekeela, eta horregatik egin zioten eskaera Etxebizitza, Enplegu eta Gizarte kohesio ministroari.
Beste alde batetik, bigarren etxebizitzengatik ordaintzen den tasa bikoizteko eskatu zuten. Neurri hori beharrezkoa dela adierazi zuten abertzaleek; izan ere, Donibane Lohizunen esaterako, etxebizitzen %47 bigarren etxebizitzak dira. Jean-Louis Borloo ministroak bi eskaera horiei erantzun idatziak emango zizkiela hitz eman zien ABko ordezkariei.
Liga Komunista Iraultzaileak (LCR) Jean-Louis Borlook Baionara egin zuen bisitaren hauteskunde izaera kritikatu du. Baina, batez ere, hain beharrezkoak diren etxebizitza sozialak egin ordez, Caradoc auzoko eraikinak botatzea eta horien ordez alokairu garestiagoa izanen duten etxebizitza sozialak egitea ez dela oso zentzuzkoa salatu du.
Talde komunistak nabarmendu zuen BABn etxebizitza sozialetan dagoen eskaera kopurua 3.000tik 4.000ra pasatu dela. Beraz, gaur egun inoiz baino garrantzitsuagoa dela etxebizitza sozial gehiago egitea eta zaharkituak gelditu diren eraikinak berritzea.