17 urte eskatzen ditu Bilbon hil zuten taxilariaren familiak
Iazko abenduaren 12an 45 urteko Eduardo Robledo taxilaria hil zuten Bilbon lanean ari zelarik, lepoan sastakada bat emanda. Atzo hasi zen ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa Bilboko Probintziako Auzitegian, herri epaimahaiarekin. Familiak 17 urteko espetxealdia eskatzen du dominikar gaztearentzat; herri ministerioak, aldiz, 12koa.
BILBO
Atzo goizean ekin zion herri epaimahaiak R.E. gaztea epaitzeari, Bizkaiko hiriburuko Probintziako Auzitegian. Joan den abenduaren 12an Bilboko San Adrian auzoan Eduardo Robledo taxilaria hil izana leporatzen diote mutilari. Norbaitek lepoan sastakada bat eman ziolako zendu zen emaztea eta bi alaba zituen langilea.Salatzaile pribatuak, familiaren izenean, 17 urteko kartzela zigorra exijitzen du R.E. gaztearentzat, hilketa egin zuela argudiatuta. 10 urtez sendiaren herri berean bizitzeko debekua ezar diezaiotela ere eskatzen du. «Azpikeriaz jokatu zuen; ustekabean harrapatu zuen biktima eta ez zion bere burua babesteko aukerarik eman», azaldu zuen Ricardo Palacio abokatuak atzo. Sendia animoz «oso gaizki» dagoela ere jakinarazi zuen. Horregatik egin dio uko alargunak lekuko bezala deklaratzeari. Akusatuaren azalpenei buruz mintzatu zen jarraian, eta «inongo sinesgarritasunik» ez dutela erran zuen. Lanean aritu den urte hauetan guztietan ez du ezagutu bezeroari labanaz eraso dion taxilaririk; alderantzizko kasurik bai, ordea. Gainera, Robrerok autoan labana zuela errateko batere frogarik ez dagoela ziurtatu zuen. «Salatua gezurretan ari da», errepikatu zuen. 60 kiloko gazte batek 1,93 metro eta 132 kilo zituen taxi gidariari arma indarrez kentzea «ezinezkoa» dela gaineratu zuen, eta, hala, gezurtatu egin zuen akusatuak adierazitakoa. Mediku forentseek R.E. gaztea pertsona «oldarkortzat» jotzen dutela ere agertu zuen. «Beraz, labana taxilariari kendu izan balio ere, erasoaren helburua mendeku hartzea izango litzateke». Herri ministerioak 12 urteko espetxe zigorra eskatzen du erailketagatik, biktimaren eta akusatuaren artean eztabaida eta istilurik izan zela pentsatzen duelako. Haren ustez, taxilariak izan zuen bere burua babesteko aukerarik. Abokatu defentsariak, ordea, akusatua libre uzteko edo bost urteko espetxealdia ezartzeko eskatzen du, norbere buruaren defentsa, damua, aitorpena eta buruko gorabeherak ere kontuan izan behar direla argudiatuta. Gaur goizean izanen du jarraipena epaiketak, eta lekukoek deklaratuko dute.
Bere burua babestu zuela dio akusatuak
GARA
BILBO Bilboko taxilariaren ustezko hiltzaile R. E. gazteak bere burua babestu zuela ziurtatu zuen atzo Bilboko Probintziako Auzitegian. Gidariak mehatxu egin eta labanarekin eraso ziola azaldu zuen, zerbitzua ordaintzeko euro bat falta zitzaiolako. «Ez nuen horretara iritsi nahi; ez nion lepoan sastakadarik eman nahi, sorbaldan baizik (...) baina heriotza ikusi nuen une hartan, eta neure buruaren babesean jokatu besterik ezin nuen egin», baieztatu zuen 21 urteko mutilak epaiketaren lehenengo egunean. Iazko abenduaren 12an alkohola edan eta kokaina kontsumitu zuela oroitarazi zuen. «Depresioaren aurkako botikak ere hartzen ditut, hamazazpi urte nituenetik gorputzean deabruak sumatzen baititut eta euren ahotsa aditzen baitut». Abandoko geltokiaren inguruan gelditu omen zuen taxia lagun batzuen tabernara diru eske joateko. San Adrian auzorantz zihoazela, baina, zerbitzua ordaintzeko nahiko dirurik ez zuela konturatu eta gelditzeko erran omen zion taxilariari. Robrero irainka eta mehatxuka hasi zela eta labanarekin eraso ziola azaldu zuen.
|