Naturari begira jarrarazten duen artea
·Mikel Lertxundik Ziortzako Kolegio Elizaren kanpoaldean jarri ditu ikusgai hainbat artelan
Ziortzako Kontzertuak bukatu dira, baina testigantza ederrak utzi dituzte. Bizkaiko Lea-Artibaiko paraje eder horretan musikak eta arteak elkartasun berezi bat bizi dute egunotan. Kolegio elizaren lorategietan Mikel Lertxundiren eskulturak ikusgai daude ekainaren 25era arte. Egurra, burdina eta harria erabili ditu Berriatuko artistak. Material horrekin egin ditu obrak, asmo argi batekin: gizakia naturari begira jarraraztea.
BILBO
Bizkaian tradizio handikoak dira Ziortzako Kolegio Elizan garai honetan urtero egiten diren antzinako musika kontzertuak. Mikel Lertxundi (Berriatua, 1951) eskultore eta musikazaleak ez ditu inoiz galtzen kontzertu horiek. Urteak joan urteak etorri, ideia bat eratzen joan zen bere buruan. «Aspaldiko ametsa izan da paraje honetan erakusketa bat egitea. Oso umila da inguru hau, baina nik beti ikusi izan diot paraje honi isiltasunaren indarra. Inguru berdea da, zelaiak finak, ia-ia mugimendu barik. Nire obra ere oso isila da, forma minimoena, eta hemen ondo geratuko zela pentsatzen hasi nintzen». Azkenean, zizelkariak aurkeztu zuen proiektua. Monasterioko fraileek onartu egin zuten, eta Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza txiki bat eman zion. Eta lanari ekin zion. «Obra batzuk aspaldi hasitakoak dira; beste batzuk, berriz, orain dela gutxi egin ditut. Azken hilabeteetan topera ibili naiz selekzioa egiten eta muntaia biribiltzen». Aukeratu dituen artelanak dira inguru horretan hobe integratzen direnak. «Beti egiten dut lan naturari begira, baina kasu honetan bereziki egin dut». “Orekaren bila” titulua du Mikel Lertxudiren erakusketak. Harria, egurra eta burdina erabili ditu, ohi duenez. Eta material bakoitzari kualitate-forma bat dagokio. «Harria beti da niretzako oinarri bat bezala, forma piramidal eta angelu irregularrak ematen dituena; burdina da elementu potentzial bat, angelu zuzenak eta forma bertikalak eskatzen dituena; eta egurrak beti forma biribilak, arku formak eta kurbatuak ematen ditu». Bakoitzaren kualitateak agertuz, hiruren artean Lertxundik oreka bilatzen du, hortik erakusketaren izenburua.
Naturaren oreka
Natura gune berezi batean aurkezten dituenez eskulturak, Lertxundik asmo bat dauka. «Gizakia naturari begira ipintzea gustatuko litzaidake. Naturarekin ahaztuta dago jendea. Gizakia ikusten dut arduratuta bere arazoekin, konpondu ezinik. Nik uste dut soluzioa naturan bertan dagoela; arazoak ondo bideratu beharko dira naturari so, gure soluzioak hortik etorriko direlako. Naturaren oreka zaindu behar dugu. Naturaren esentzia aurkitu».Mikel Lertxundik esan du bere eskulturak «nota musikalak» bezala direla. «Musikaren enamoratu bat naiz. Musika mota guztia gustatzen zait, baina batez ere antzinako musika». Ziortzako monasterioan egiten diren kontzertuak, bozgorailurik gabe, Mikel Anjel Lertxundiri «barruraino» sartzen zaizkio. «Musika honek zerikusia dauka nire artelanetan. Haizea, ura eta sua dira niri interesatzen zaizkidan hiru elementuak. Baina garrantzitsuena multzoa da, elkarrizketa. Horretan musikarekin konparatu ahal dira. Orkestra bat bezala ikusten dut nik ere nire obra. Instrumentuek notak jotzen dituzte, baina guztiak elkarrekin entzuten dituzunean sortzen da sinfonia». Mikel Lertxundik Berriatuan duen tailer-etxean lan egiten du. Ideia bat bururatzen zaionean, zirriborroak egiten ditu paperean. Ondoren, planoan marrazten ditu, eta, gero, beti material bereko maketak eratzen ditu. «Horrela ikusten dut prozesuan zer emaitza lortu ahal den, eta zer testura eta bukaera eman ere bai. Neurri txikian lan egitea funtsezkoa da. Prozesua luzea da, baina forma minimoetan indar handienak lortzen dira». Ziortzako erakusketa ekainaren 25era arte egongo da. «Posible da gero herri batera edo bestera joatea, baina oraingoz ez dago ezer konfirmatuta. Beraz, eskultura gehienak nire etxera bueltatuko dira». Lertxundiren asmoen artean dago Bilbon erakusketa handi bat egitea. «Azken urte hauetan ari naiz lantzen ideia batzuk: elementu haizea, ura eta sua bakoitzari material bat dagokiola. Sua beti burdinan sartzen dut, hura harrian eta haizea egurrean. Horrekin erakusketa bat egin nahi nuke».
|