GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-23
Bertsulari Ttiki Egunak 600 bertsozale gazte bilduko ditu Biarrizko Euskal Jain
Mugimendua nabari da Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren inguruan. Hamalau bertsu-eskola ditu martxan Bertsolarien Lagunak elkarteak eta Seaskak, bere aldetik, bere gain hartu du hezkuntza arautuan bertsolaritza sustatzeko lana. Hitzarmen garrantzitsua izenpetu du elkarteak Biarrizko Udalarekin. Guzti horren berri eman zuten joan den ostiralean.

DONOSTIA

Irakaskuntzari lotutako bertso egutegian bi ekitaldi handi daude martxan asteotan Ipar Euskal Herrian: Iparraldeko Bertsolari Gazteen XIII. Xapelgoa (10-14 eta 14-18 urtekoetan banatua), batetik, etaIkastolen Konfederazioak antolatzen duen Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren finalerako (ekainaren 24an jokatuko da) herrialdeko kanporaketak, bestetik. Bi ekitaldi horien nondik norakoak, Bertsularien Lagunak elkarteak irakaskuntzan dituen asmoak eta Seaskak bere aldetik irakaskuntza arautuan dituenak agertu eta elkarteak izenpetu berri duen Biarritz Bertsutan egitasmoa agertzeko prentsaurrekoa eman zuten ostiral goizean. Elkarteko lehendakaria, Jexux Arzallus, eta Seaska eta Biarrizko Udaleko ordezkariak izan ziren bertan.

Bertsulari Ttiki Eguna

Ekainaren 2an Biarrizko Euskal Jai pilotalekuan egingo den Bertsolari Ttiki Egunak hiru egitasmo biltzen ditu: Xapelgoan parte hartu duten 10-14 urtekoen finala jokatuko da goizeko hamarretatik aurrera;bertsolaritza ematen den Seaskako hogei ikastoletako ikasleak izango dira entzule eta Biarrizko Udaletxeak finantzatuko du eguna. «10-14 urtekoek taldeka hartzen dute Xapelgoan. Hamaika talde dira eta 39 haur. Dagoeneko hiru kanporaketa jokaturik dituzte, Hendaian, Garazin eta Kanbon, eta lau talde puntuatuenek finala jokatuko dute egun horretan. Xapelgoa da, nolabait esateko, gure elkartearen bertso eskolen mugimendua ordezkatzen duena. Bestalde, Seaskak hezkuntza arautuan egiten duen lana ere Bertsulari Ttiki Egunean islatuko da, entzuleak ikastoletatik etorriko direlako, bertsoa lantzen duten ikastoletako neska-mutikoak bertan izango direlako, hogei bat ikastola, 600 ikasle; eta aldi berean ikastola horietan egin duten bertsu-paper lehiaketako sariak banatuko dira egun horretan. Goiz partean, beraz, bertso-eskolen mugimendua eta hizkuntza arautua uztartuko dira», esan zuen Ihintza Ostolazak, Bertsozale Elkarteko eragileak. Seaskak badu bere bertso-irakaslea, Arantxa Oxandabaratz, eta Elkarteak Seaska- rekin elkarlanean aritzeko hitzarmena izenpetu berri du.

Prentsaurrean Jexus Arzallusek Bertsularien Lagunak elkarteko proiektua agertu zuen, bertso-eskolen mugimendua zertan den eta aurrera begira dituzten erronkak agertu zituen eta, hezkuntza arautuan egiten den lana Seaskaren esku geratu denez, B ereduko eskola elebidunetan ematen hasi diren saioen berri ere eman zuen.

Zergatik egingo da Bertsulari Ttiki Eguna Biarritzen? «Bertsularien Lagunak elkarteak Biarrizko Udalarekin hitzarmena izenpetu duelako», erantzun zuen Ihintza Ostolazak.

«Hitzarmen horretan bi erabaki nagusi hartu ziren, alde batetik, Biarrizko Herriko Etxea hiru urtez bertso jarduera bat antolatzera konprometitzen da. Bertso jarduera hori Bertsularien Lagunak elkarteak proposatuko du, herriko elkarteekin hitz egin ondoren. Ez da urtero berdina izango. Aurten Bertsulari Ttiki Eguna izango da, baina datorren urtean bertsolaritzari buruzko erakusketa izan daiteke eta hurrengoan txapelketa garrantzitsu baten kanporaketa, esate baterako. Urtean-urtean ikusiko da zein izango da jarduera hori», jarraitu zuen Ihintza Ostolazak.



Bi zuberotar seguru asko Eskolartekoan
J.A.

DONOSTIA

Ekainaren 24an Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalerako ordezkariak aukeratu zituzten joan den larunbatean Hazparnen jokatu zen saioan. Hamalau bertsolarik hartu zuten parte bertan, zazpi ordezkarik Lapurditik eta beste hainbestek Nafarroa Beheretik. Aukeraturik dira, beraz, lurralde horietako bakoitzetik bina ordezkari eta Zuberoatik, bi ordezkari posible bakarrik daudenez, litekeena da zuzenean joatea biak Altsasuko finalera, baina erabaki gabe dago oraindik, bi urtez bakarrik ibili baitira bertso eskolan. Altsasuko finalerako gazteen mailakoak (14-18 urtekoak) Bertsolari Gazteen Xapelgotik aterako dira, hain zuzen ere, larunbat honetan Itsasuko Sanoki aretoan, 17.00etan hasita, egingo den saiotik. «Saio bakarrean egiten dira Xapelgoaren finala eta Eskolartera joango direnen aukeraketa. Nafarroa Beheretik ordezkari bakarra dago, Mizel Mateo eta hori zuzenean sailkatuko da. Lapurdiko beste zortzi daude eta zortzi horietatik bi sailkatuko dira, Xapelgoan lehen bi postuetan geratzen direnak», esan zuen Ostolazak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Esperando a José Luis Rodríguez Zapatero
Jendartea
Absueltos todos los acusados por el recrecimiento de Esa
Euskal Herria
La actitud de la Sala obliga a Arizkuren a declarar el día 15
Euskal Herria
Plataformak, «apartheid»a gainditzeko urrats eske
Ekonomia
Aplazadas las dos próximas huelgas en Osakidetza ante el inicio hoy de reuniones
Mundua
Primera declaracion de independencia
Mundua
Paisley rechaza la nominación de Sinn Féin para presidir el Ejecutivo
Mundua
Bombardeos aéreos estadounidenses provocan una matanza en Afganistán
Kirolak
Ziganda, nuevo entrenador de Osasuna para la próxima campaña
Euskal Herria
Batasuna, EA y EB echan en falta mayor concreción en Zapatero
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea