MADRIL
PPko idazkari Mariano Rajoyk alderdi horren barnean ETArekin elkarrizketa prozesuari ekingo diotelako duten «ezinegona»azaldu zion atzo Gobernu espainoleko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori. Horixe da, behintzat, PPko Zuzendaritzako kideek atzo izan zuten bileraren ostean Efe agentziari esan ziotena. Rajoyren arabera, horrelako pausorik ezin da inolaz eman«ETAk indarkeria utzi eta desagertzeko asmo tinkoa duela benetan egiaztatu arte». Horretaz gain, PPko burua Zapateroren adierazpena PSOEren ekitaldi batean egin zelako ere kexu zen.
PSOEko Zuzendaritzak ere bilera izan zuen atzo goizean Madrilen eta bertan egon zirenek Europa Press agentziari esan ziotenez, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Barakaldon egin zuen adierazpena egin aurretik honakoa esan zuen: «Erabakiaren berri eman behar nionari eman nion» .
PSOEren Zuzendaritzako kideen arabera, Zapaterok ez zuen argi esan Barakaldora joan aurretik Rajoyrekin hitz egin zuen ala ez, baina hori da bileran zeudenak ulertu zutena. Beraz, elkarrizketei ekiteko alderdi guztien adostasuna zuelakoan zeuden.
Dena den, PPren bileraren ondoren eman zuen prentsaurrekoan, Angel Acebes oso haserre azaldu zen, Barakaldokoaz ezer gutxi zekitelako irudia emanez. Gauzak horrela, diskurtso latza plazaratu zuen eta Zapaterok ETArekin hitz egiteko ez duela «PPren bermea izango» esan zuen Acebesek. Benetan ezer egiaztatu ez zela zen jarrera horren arrazoia.
«ETAren su-etena irmoa eta benetakoa da, hori da egiaztatze-txostenek adierazten dutena», esan zuen horri erantzuteko asmoz Barne ministro espainol Alfredo Perez Rubalcabak Poliziaren kuartel nagusia bisitatu ondoren.
«PPren sostengua izatea espero dut eta horretarako, datozen egunetan ditugun frogak emango dizkiegu», adierazi zuen.