Gaur Donostiako kaleek gizarteko arlo guztietako jendetza hartuko dute, AHT Gelditu! Elkarlanak deituta eta gizarte, kultura, sindikatu eta politika eragile ugariren sosten- guarekin, Abiadura Handiko Trenari ezezkoa agertzeko. Batzuentzat ekologia-kontua da, beste batzuentzat, ekonomia edo politika. Izan ere, antolatzaileek esan dutenez, mila arrazoi daude proiektu erral- doi horren aurka egiteko, arrazoi asko eta askotarikoak. Prozedurari dagozkionetatik hasita.
Deigarria da erakundeek hitzetik hortzera darabilten demokrazia hitza nola gauzatu duten: zenbait interesi zilegizkoak edo ez lotuta dauden indar politikoen batuketak erabaki du proiektua aurrera ateratzea, beste inoren iritzirik entzun gabe.
Herri honek badu kultura demokratikorik, ordea, eta bere burua antolatzeko gogoa eta gaitasuna. Horren erakusle da gaurko hitzordua, orain arteko mobilizazioak, informazio kanpainak, eztabaidak... bezala. Hain zuzen, eztabaidari egin diote uko erakundeek, eta, alde horretatik, zailago gertatzen da berei «demokratiko» deitura eranstea. Gasteizko Legebiltzarrean edo gizarte taldeek eztabaida abiatu nahi izan zutenean, ez zela eztabaidarako unea erantzun zieten. Eta unea ez zen inoiz iritsi; ez Madrilekin akordioa sinatu baino lehen, behintzat.
Aurrerabide kontzeptua ikurtzat daukan diskurtsoaren atzean zentzugabekeria asko daude gordeta. Eta ez dira kontu abstraktuak. Gizarte osoarentzat onuragarria izango omen den azpiegitura horrek berekin dakarren triskantza ekologikoa ez da txantxetakoa. Eta lurrak desjabetzen hasita dauden lurrak ez ezik, baserriak ere desagertuko dira; beraz, nekazaritza munduko hainbat jenderi ez bide zaio horren onuragarria iruditzen. Hiriak lotzeko pentsatuta dagoen proiektu hori ez da horren onuragarria bakartuta geratuko diren herrixketako biztanleentzat. Beharbada herritar askorentzat, diru publikoetatik ordainduta etekinak transnazionalentzat, eraikuntza enpresentzat... izango direla eta aldi berean gastu soziala murriztea sumatuta, trenbide erraldoi hori ez da guztiz onuragarria. Edonola ere, hiri batetik bestera azkarrago joango gara, kontsumoa erraztu egingo da... eta hori omen da garrantzitsuena ziztu bizian ibiltzea nahi duten mundu honetan.
Premiazkoa da erakundeek eta euskal gizarteko eragile guztiek arazo honetaz beste hainbatez egin beharko luketen bezala eztabaidatzea. Orduan hitz egin ahal izango da gizarte arazoak modu arrazionalean konpontzeaz. Bitartean, inposaketaz baino ez. -