GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-10
Apaizac obeto espedizioa
Beothuk, azkenean, uretan da, San Lorenzo ibaiaren uretan
Astelehenean abiatu zen, azkenean, «Apaizac Obeto» espedizioa, uste baino bost egun beranduago, Beothuk txalupa zeraman edukiontzia berandu iritsi zelako. Astebete eskas baino ez dute egin San Lorenzo ibaiaren uretan, baina, hala ere, badute zer kontatua. Larunbatero orrialde hauetan izango duten bezalaxe.

Beothuk azkenean uretan da, San Lorenzo ibaiaren uretan. San Lorenzo munduko laugarren ibai luzeena da, 3.000 kilometro pasa ditu. Zenbait gunetan 70 kilometroko zabalera har dezake. Ibai erraldoiaren erdialdera joan gara arraunean, korronteak gehien lagunduko digun lekuaren bila, eta bertan hego-mendebaldeko haize ahulaz baliatzeko asmoz, bela nagusia eta trinketa txikia zabaldu ditugu. Denak popara pasa gara, proako muturra arindu dadin. Haizea ahul badabil ere, ederra da Beothuk belak zabalduta. Egurraren ilunak, oihalen krema gozoarekin jantzia, itsas kondaira batetik aterea dirudi. Ederra da bai. Haritz egurrez egina, barruko saihetsak sendoak eta biribilak ditu, balearen hezurdura dirudite. Eskuz egindako eta mailu kolpez sartutako 1.000 iltzek hezurdura guztia finkatzen dute, bere zortzi metroko eslora osoan zehar. 1565ean Nouvel Biscayen (gaur egun Labrador) Red Bayen hondoratutako txaluparen bikia da, bostehun urteren ondoren bere ahizparen bila daramagun euskal txalupa baleazalea. Lan handia dago txalupa horretan.

Quebeceko portuan (latitudea (l) I 46º 49’ 06,0’’- Longitudea (L) M 071º 13’ 48,5’’) uretan egon den egunetan ere jende ugari hurbildu zaio, argazkiak ateratzera, galderak egitera. Txikia baina ederra da Beothuk, izen bereko Ternuako amerindiar herriko azken neskatxa bezalaxe. Partitu aurretik gizon batek erakutsi zigun azken Beothukaren irudi marraztua, ume irudiko neska ederra 1919an hila. Kolonizatzaileak lur gainetik ezabatutako herri indiarraren azken testigantza bizia. Haien omenez du Beothuk izena gure txalupak.

Gure ezkerretara Quebec hiria uzten dugu, 400 urte betetzera doan Ipar Amerikako hiri frankofono bakarra, Montrealekin batera. Bertan egin ditugun lau egunak luze egin zaizkigu azkenerako, eta hiriaren edertasuna ezagutu ahal izan badugu ere, atzean uzteko irrikaz ginen. Eta atzean uzten ari gara. Orain hotel handia den gaztelu itzela nabarmentzen da bere goiko aldean, Le Chateau Frontenac. Jacques Cartier dute deskubritzailetzat eta Champlain aitatzat. Baina hiria Ingalaterra eta Frantziatik heldutako herri xeheko jendeak egin zuen, beraien herrietan ez desiratuak zirenak bidaltzen zituzten Ipar Amerikako urruneko lur hauetara. Quebec Ipar Amerikako hiri zaharrena da.

Ibaian behera goaz eta haizeak laguntzen ez duenez, eguzkipe gozoan, itsas beheran doan korrontearen laguntzarekin arraunean hasteko agindua eman du Xabier Agote gure patroiak. Gustoz hartu dugu. Lehenengo eguna da eta irrikaz geunden arraunean ekiteko. Bidean gurutzatzen ditugun ontziek, belauntziek agurtzen gaituzte. Jen deak badaki gure berri, komunikabide gehienetan agertu baikara, telebista nagusietan barne. Gure ondoan, kirol ontzi handi batean, Parks Canadako lagunak datoz, Robert Grenier arkeologoa eta egun hauetako protokoloetan ezagututako gainerakoak. Argazkiak atera eta denbora pixka batean ondoan izan ondoren, bakarrik utzi gaituzte.

Irteerako zurrunbiloa atzean geratzen ari da, egunetako itxaronaldia, prestakuntza guztiak atzean geratzen dira arraunkada bakoitzean. Itsas kartak irakurtzen goaz, irten aurreko egunetan eman dizkiguten azalpenak ere kontuan hartuz. San Lorenzon nabigatzea ez dela batere erraza esan digute guztiek, ur korronteen arteko talkak, haize bufada indartsuak, haizearen norabide aldaketak, ontzien trafikoa... hamaika aholku jaso ditugu, baina lehenengo egunean behintzat gozo goaz, eguzkipe ederrean. Hiria bistatik galdu dugunean, bi hegietako paisaia basotsuago bihurtzen ari da. Ibai hegiko basoek zeruan egiten duten erliebeak ez du altuerarik aldatzen. Erabat lauak dira ibaiaren bi ertzak, ibaiari bidea babesten dioten bi marra luze bailira. Tartean etxe bakanak, ederrak ikusten dira, tartean padura txiki batzuk. Ibaiaren ur azalean hegaztiek abiadura biziko hegaldiak egiten dituzte, ur ilunetan burua sartzeko. Baina dena ez da poesia, eskuetan lehenengo babak ateratzen hasi zaizkit eta ipurdian ere somatzen dut dagoeneko haragia minberatua. Ezagunak zaizkit, halere, bidaia lagun horiek.

Alai goaz arraunean; gurea begirada luzeko arraunketa da, ez lehiaketakoa. Halaber, aurrera-aurrera egin beharra dago beti, gure helburua lortu nahi badugu, uztailaren 15erako Red Bayko badian porturatzea. Gauak Saint Michel ( l I 46º 55’ 21’4’’ ­ L M 70º 53’ 31’3) herrixka parean harrapatu gaitu, guztira 13 milia egin ditugu. Itsas barra txiki baten bueltan portuan sartu gara eta gure harridurarako, jende multzo dezente bat genuen zain, nonbait, albistegietan gure berri jakinik, gu noiz helduko begira zeudenak. Txaloka hartu gaituzte eta uretatik eskertu diegu. Portu gainean, belargune bat dago, irtengune bat ibaira, erdian egurrezko etxolatxo bat duena. Badirudi guretzat jarria dela, han egingo genuen lo, gure ahuntz larruak lurrean botata.

Gauez arraunean

Goizeko hiruretan jaiki gara, itsas beheraren korrontearekin nabigatu ahal izateko. Ibai handi honetan ez dago arraun egiterik korrontearen aurka. Ibaian nabigatzen ikasi behar da; ez du itsasoaren antzik, jakin behar da korronteez baliatzen, haizearen indarrak neurtzen, kokapen egokia aurkitzen... ikasi egin behar da.

Gauez arraunean ari zarenean ez dakizu oraindik ametsetan ari zaren, haize finak esnatzen zaituen arte. Trinketa eta bela nagusia jaso ditugu, haizea lotzeko eta abiadura polita hartu dugu, 8’5 korapilokoa. Une batzuetan surfeatzen ari garela dirudi, gozamena da. Denak popan jarrita goaz berriz ere, eta kanpotik buruak baino ez zaizkigu ikusiko. Popan esertzean branka arintzeaz gain, lemari eraginkortasun handiagoa ematen zaio, sakonago sartu eta urari hobeto heltzen baitio.

Lau eta erdiak aldera egunak argitu du, urrunean zeruko hodeiertzean argiguneak zabalduz. Haren bila goaz, egun berriaren bila. Ibaia zabaldu egin da nabarmen eta ezker-eskuin uharte txki eta handiak uzten ditugu, beraien arteko korronte oraingoz lasaietan nabigatuz. Aldeko haizearekin, lau orduren buruan gelditzea erabaki dugu, uharte handi baten babesean, marearen aldaketa gainean dugulako. Antzaren uhartea du izena. Portura igo eta haizeak gogor jotzen du. Nahiko desatsegina dirudi. Bi lagunekin topo egin dugu eta besteak beste, uharte horretako haurrak egunero eskolara hegazkinez doazela esan digute. Harrigarria. Uharteak 19 miliako luzera du. Errepide bat hartu eta erdialdera iritsi garenean padura bailara izugarri batekin egin dugu topo. Harrigarria berriz ere. Ibai baten erdian dagoen uharte baten erdian dagoen padura bailara eskerga.

Herrigunera iritsi eta dena itxita dagoela ikusita, berriz txalupara jo dugu, bertan lo kuluxka bat egitera, egun luzea dugu oraindik aurretik. Berriz uretan, belaz nabigatu dugu haizeak laguntzen zuen artean, baina korrontea oraindik alde ez genuenez, ez dugu lortzen behar besteko abiadura. Halako batean, aurrez abisatu izan diguten eguraldi aldaketa bortitz horietako bat usaindu dugu, euri tanta batzuek harrapatu gaituzte. Arraunari gogor ekin diogu, lurreratzeko leku egokiaren bila. Hondartzagune bat begiz jo dugu eta han baratzen (lehorreratzen) saiatu gara.

Txalupa metro inguruko sakonerara iritsi denean, salto egin dugu uretara, eskuz bultzaka hondartzaratzeko baina orduan ikusten ez ziren urpeko haitzetan egin du talka. Ez dago han baratzerik, alferrik busti gara eta berriz ere atzera egin behar izan dugu, 3 milia atzerago ikusi dugun portutxo baterantz. Orain bai, gogorragoa egin zaigu arraunketa, korronteari aurre egin behar izan baitiogu. Eguneko azken arraunkadak dira, luzeenak, baina heldu gara azkenean. Zerua ilundu egin da erabat, ipar-mendebaldeko haizeak gogor ekin dio, Beothuka amarratu eta aterpe baten bila jo dugu, nahiko nekatuta. Quebecetik hona 50 milia egin ditugu. Portu aurrealdeko tabernako Gigik, bere tabernako terrazan lo egin dezakegula esan digu, Andoni gure fuera bordako txoferraren lorpena izan da.

Hurrengo egunean kirol portuko kapitainak hurrengo hiru egunerako partea eman digu. Ipar-mendebaldeko haizeak ez omen du geratzeko asmorik, segur aski ezin izango dugu bizpahiru egunetan aurrera egin. Ez dugu gure hurrengo zitara garaiz heltzerik izango, Tadoussacera, alegia. Bertan, bertako udalekoak eta indiar buruzagiak zain genituen. Baina uretan, naturak agintzen du, ez beste inork. Zorionez. Oraindik mundua mundu den leku bakanetakoa da urazala. -

QUEBEC


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Beothuk, azkenean, uretan da, San Lorenzo ibaiaren uretan
Jendartea
«En el Valle de Susa sólo nos queda curar nuestro territorio enfermo»
Jendartea
Las diputaciones de Bizkaia, Gipuzkoa y Araba estudian impugnar la Ley de Suelo
Euskal Herria
El grupo 18/98+ constata la «sangría» del juicio:«Estamos ya cumpliendo condena»
Euskal Herria
Rajoy acepta ahora reunirse con Zapatero si éste le llama
Euskal Herria
Xabier Oleaga pudo al fin ratificar su denuncia de torturas, tres años después
Ekonomia
La liquidación de la papelera de Legorreta podría dejar en la calle a 150 trabajadores
Kultura
En el yacimiento de Iruña-Veleia también han aparecido textos en euskara del siglo IV
Kirolak
Alemania arranca con fuerza y goles
Mundua
La fuerza naval israelí causa una masacre en una playa de Gaza
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea