Angiozarkoa ez dute itxiko, baina baldintza gazi-gozoz
DONOSTIA
Atzo bertan eta faxez jaso zuten berria Angiozarko eskola txikian; azkenean ez dute itxiko. Albistea gazi-gozoa izan da, ordea, bertako guraso Ainhoa Larrañagak agertu duenez. «Ez ixtearen truke nolabaiteko baldintza-edo ezarri digute, eta eskolako bi haur helduenak Bergarako eskolara bidali behar direla esan digute, eskola txikitik atera behar direla, alegia». Modu horretan, eskola txikian geratuko diren haur guztiak Haur Hezkuntzakoak izango dira, eta Lehen Hezkuntza desagertu egingo da.
Erabaki horren arrazoia batere ulertu gabe, Angiozarko eskola txikiko guraso eta irakasleen borrokak beste norabide bat hartuko du aurrerantzean. «Dudarik gabe albiste ona da eskola ez dutela itxiko jakitea, baina guk gure haurrak bertan nahi ditugu hamabi urtera arte, beste eskola txikietan bezala, eta hori lortzeko borroka egin beharko dugu aurrerantzean», gaineratu du Larrañagak. Bihar Igeldon izango dira beren aldarrikapenekin.
Duela bi aste pasatxo eta zeharkako moduan jakin zuten Angiozarko eskola txikiko gurasoek ixteko arriskuan zegoela. «Sindikatuen bitartez jakin genuen eskolako bi lanpostuak kentzekoak zirela. Gainera, hori jakin eta hurrengo egunean bertan Eusko Jarlaritzako teknikari bat agertu zen eskolan eta irakasleei galderak egiten aritu zen», agertu du Larrañagak. Ordutik, geratu gabe dabiltza gurasoak hara eta hona eskola txikiaren etorkizuna zein den argitu nahian. Gerora jakin dutenez, Gipuzkoako Hezkuntza Delegazioak eskola ixteko erabakia hartua zuen jada, baina Lakuako Gobernuaren aginduz atzera egin behar izan du. Hortik dator, seguru asko, atzoko jakinarazpena.
Lasaiago badaude ere, Angiozarren eskolaren etorkizunaz kezka egon badago. Larrañagak garbi dauka: «Eskola ixten badute, Angiozar hil egingo da. Haurrak goizeko 8.00etan joango dira eta ez dira bueltatuko arratsaldeko 18.00ak arte». Zeraingo eta Aginagako eskolak ere egoera bertsuan dauden arren lanpostuak kentzekoak dira, urtebeteko luzapena eman die Lakuako Gobernuak.
|