GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-10
Eskola txiki bakoitza, familia handi bat
Herri eta auzo txikietan dauden eskolak dira, D eredukoak, adin desberdinetako ikasleak gela berean biltzen dituzte eta zortzi gela baino gutxiago dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzarako. Eskola txikiek tasun bereziak eta propioak dituzte, eta berezitasun horiek oso aberatsak direla uste dutelako Gipuzkoako mila haurren gurasoek horien alde egin dute aurtengo ikasturtean. Guztira 27 eskola txiki daude Gipuzkoan ­horietatik hiru ixteko arriskuan­ eta horietako bakoitza familia handi bat da. Guztiek hitzordua dute bihar Igeldon, kasik betikoak diren eskola txikiak betirako ere izan daitezen.

DONOSTIA

Gipuzkoako bi eta hamabi urte bitarteko mila haur etxe ondoan daukaten eskola txikira joaten dira egunero. Bertan, adin desberdinetako ikaskideak dituzte eta horiekin asko ikasten dute, horiek berekin adina.

Eskola txiki bakoitza familia handi bat da, ez alferrik tasun bereziak eta propioak dauzka. Herri txikietan dauden eskolak dira ­mila biztanle baino gutxiagokoak eta asko nekazaritza girokoak­ eta D eredukoak dira. Adin desberdinetako taldeetan biltzen dira ikasleak, eta eskolan zortzi gela baino gutxiago daude Haur eta Lehen Hezkuntza osorako.

Gipuzkoan 27 eskola txiki daude. Txikienak, Aginaga, Angiozar, Zerain eta Zubietakoak dira, gela bakoitzeko 8-10 ikaslerekin. Handienak, berriz, Aiako eta Berastegiko eskolak dira, gela bakoitzeko 90 bat ikaslerekin. Berrienak Altzokoa (1998) eta Abaltzisketakoa (2004) dira.

Gipuzkoako eskola txikien sarea 1987 urtean abiatu zen. Irakasle talde bat, eskola horien balioaz jabeturik, elkartu eta lanari ekin zioten «kalitatezko hezkuntza ziurtatu nahian».

1993 urtean, hamaika herrietako guraso elkarteek Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundea sortu zuten. Egun bertako lehendakari den Gloria Castañosek nabarmendu ditu sorrerako helburuak, «gaur egun ere pil-pilean daudenak»: Eskola publiko euskaldunei herrietan eustea, herriaren nortasunean eta kulturan oinarritutako heziketa bultzatzea, herri txikietako eskolen beharrak azaldu eta eskakizunak bideratzea, eta, azkenik, herri txikien arteko harremanak bultzatzea.

Eskolarik hoberena, herrikoa

Eskolarik hoberena herrian dagoena. Horixe da eskola txikietako irakasle eta gurasoek sutsuen defendatzen duten ideia. «Gure ustez, oso garrantzitsua da haurrak lehen urteetan jasotzen duen hezkuntza eta dituen harremanak herrian bertan izatea, eta bertako ohiturak eta kultura bereganatzea. Bere txikitasun horretan, herriarekiko lotura oso aberasgarria da», esan du Castañosek.

Iritzi berekoa da Igeldoko eskola txikiko zuzendari Ixabel Fernandez: «Guri iristen zaizkigu eskaerak Donostiako auzoetatik-eta. Badira adibidez Antiguan bizi arren, haurra Igeldoko eskola txikira ekarri nahi dutenak. Guk ezetz ez diegu esaten, baina haurra bere etxe ondoko eskolara eramatea aholkatzen diegu, hor sortu dezan bere sare soziala».

Behin eskola txikiko garaia gaindituta, bertako ikasleak zentro handiagoetara joaten dira, eta han beste eskoletako ikasleekin elkartzen dira. Urte luzeetako esperientziak garbi erakutsi duenez, ez dute izaten horietara egokitzeko «inolako arazorik», Castañosek nabarmendu duenez. «Emaitza akademikoei dagokienez, eta bateko eta besteko emaitzak alderatzen dituen ikerketarik ez badago ere, emaitza berdintsuak lortzen dituzte eskola txikietako ikasleek eta eskola handiagoetakoek. Urterik urte hala ikusi dugu», gaineratu du.

Eskola txikien bereizgarrietan nabarmenena adin desberdineko haurrak gela berdinean elkartzearena da. «Aberastasun ikaragarria da hori haurrentzat. Bera bere ikasketen protagonista nagusia da, eta besteekin ikasten du, batzuetan berak baino gehiago dakitenekin eta besteetan gutxiago dakitenekin», agertu duCastañosek.

Ixabel Fernandezek eguneroko lanean ikusten duenez, ariketa hori oso aberasgarria da bientzat, bai azalpenak ematen dituen haurrarentzat ­hark dakiena indartzen duelako­ eta bai azalpenak entzuten dituenarentzat ere, harentzat errazagoa delako bere antzekoa den horrek ematen dion agerpena.

Gloria Castañosen iritziz, adin desberdineko haurrak elkartzeak badu beste alderdi positiborik. «Haurren artean oso erraz sortzen dira rolak. Baina eskola txikien kasuan zailagoa da. Izan ere, urte batean gelako txikiena izatea egokituko zaio haur bati; datorren ikasturtean ertainen artekoa izango da agian, eta, urte batzuren buruan, handiena. Egoera horretan zailagoa da rolak finkatzea, eta hori oso aberasgarria da».

1998 urtean “Eskola Txikiak Bizirik” lelopean Bidegoianen ospatu zuten lehen jaia. Ordutik, urtero ekaineko bigarren igandean Gipuzkoako herri txikiren batean gogorarazten dute «herriak eta eskolak elkarren beharra dutela bizirauteko».

«Eskola txikiaren eta herriaren arteko lotura oso estua da. Herriko edozein ekintza izanda ere, han egoten dira eskola txikiko haurrak, txikiak handienen babesera, modu naturalean bizi baitute hori, familia bereko anai-arrebak balira bezala. Herri txikiak bizirik iraun dezaten, beharrezkoak dira eskola txikiak», azaldu du Castañosek.

Ilusiorik ez da falta

Eskola txikien etorkizunaz galdetuta, «herrien, gurasoen eta irakasleen aldetik» ez duela zalantzan jartzen nabarmendu du. «Eskola txikien alde lanean jarraitzeko ilusiorik ez da falta. Beste gauza bat Hezkuntza Sailaren jarrera da. Hori asko aldatzen da sailburuaren arabera. Lehengo sailburuak maiz eta publikoki adierazi izan du eskola txikien aldeko jarrera. Oraingoak ez du oraindik ezer esan», gaineratu du.

Eskola txikiak garestiak dira Hezkuntza Sailarentzat, hori garbi samar daukate guraso eta irakasleek. Baina, modu berean, horien aldeko apustua egin behar dela aldarrikatzen dute. «Nekazaritza guneetako eskolak direnez, diru-laguntzak beste sailetatik ere bidera ditzakete, Nekazaritza Sailetik adibi- dez», proposatu duCastañosek.

Gipuzkoako eskola txikietako familia handi guztiak Igeldon bilduko dira bihar festa giroan, beren eskola txikiak gustatzen zaizkiela ospatzeko eta aurrerantzean ere bizirik nahi dituztela aldarrikatzeko.

Egitarau mamitsua paraje zoragarrian

Biharko egitarau mamitsua prestatu dute, Igeldoko paraje ederretan egun-pasa polita egiteko. 10.00etan irekiko dute jaia. Eskola txikien arteko jokoak izango dira gero. Goizean txahal pintxoak dastatzeko aukera izango da, eta egun guztian puzgarriak izango dira txikientzat. 13.00etan, Igeldokoek datorren urteko jaiaren lekukoa pasatuko diete Aginaga eta Zubietakoei. Herri bazkaria 14.30ean pilotalekuan izango da, eta, arratsaldean, Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia. Bukatzeko, erromeria Triki Ta Ke taldearekin. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Beothuk, azkenean, uretan da, San Lorenzo ibaiaren uretan
Jendartea
«En el Valle de Susa sólo nos queda curar nuestro territorio enfermo»
Jendartea
Las diputaciones de Bizkaia, Gipuzkoa y Araba estudian impugnar la Ley de Suelo
Euskal Herria
El grupo 18/98+ constata la «sangría» del juicio:«Estamos ya cumpliendo condena»
Euskal Herria
Rajoy acepta ahora reunirse con Zapatero si éste le llama
Euskal Herria
Xabier Oleaga pudo al fin ratificar su denuncia de torturas, tres años después
Ekonomia
La liquidación de la papelera de Legorreta podría dejar en la calle a 150 trabajadores
Kultura
En el yacimiento de Iruña-Veleia también han aparecido textos en euskara del siglo IV
Kirolak
Alemania arranca con fuerza y goles
Mundua
La fuerza naval israelí causa una masacre en una playa de Gaza
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea