Udaletan hizkuntz eskubideak bermatzeko galdegin du EHEk
Behatokiak aurten egindako txostenak agerian uzten du Euskal Herriko administrazio guztiek euskaldunon hizkuntz eskubideak urratzen dituztela, eta egiaztapen hori oinarri hartuta, Euskal Herrian Euskaraz-ek ekimen bat abiatu du udalek eskubide horiek berma ditzaten. Elkarretaratzeetara deitu ditu antolakunde euskaltzaleak.
IRUÑEA
Euskal Herrian Euskaraz-ek elkarretaratzeetara deitu du datozen egun eta asteetan hainbat udaletxeren aurrean, «Udaletan, Herriko Etxeetan euskarari lehentasuna eman!» lelopean. Horien xedea euskaldunek administrazioetan, eta, zehazki, udaletan pairatzen duten eskubideen urraketa salatzea eta eskubide horiek bermatzeko beharrezkoak diren neurriak ezar ditzaten aldarrikatzea da.Horiek hala, hilaren 14an hitzordua dute, 19.30ean Iruñeko udaletxe aurrean. 16an, 11.30- ean Gasteizen, 19.00etan Uztaritzen eta 19.30ean Errenterian. Ekainaren 28an, aldiz, Oiartzunen izango da elkarretaratzea, 19.30ean. Atzo Iruñean egindako agerraldian, antolakunde euskaltzaleko ordezkariek gogora ekarri zuten Behatokiak egindako urteko txostenak agerian uzten duela «hizkuntz eskubi-deak Euskal Herri osoan, administrazio guztietan eta era sistematikoan» urratzen direla. Gaineratu zuten «ezinbestekoa» dela arloz arlo euskararen presentzia normalizatzen joatea, eta, ildo horretan, adierazi zuten badaudela esparru batzuk «lehentasun estrategikoa» dutenak. Horien artean, udalak edo herriko etxeak. Izan ere, historian Euskal Herrian udalek izan duten garrantzia nabarmendu zuten EHEko kideek, eta oroitarazi administrazioak zerbitzu publikoak direla, eta, horregatik, «herritarren eskubideak bermatzea» dagokiela.
Egoera «irauli»
«Egun, ez dago inondik inora euskarak behar duen egoera» beren iritzirako, eta uste dute «administrazioetako arduradun politikoak, arduradunak diren heinean», direla herritarren hizkuntz eskubideen urratzearen erantzuleak, «ez dituztelako behar bezalako politikak indarrean jartzen eta eskubideak babesteko mekanismoak bideratzen».Egoera hori «iraultzeko», Euskal Herrian Euskaraz-ek zenbait neurri proposatu ditu, gutxiengoak, indarrean jarri beharko liratekeenak. Besteren artean, talde horrek udalerrietan euskara «ofiziala eta lehentasunezkoa» izendatu behar dela, eta udalen hizkuntz politikak euskararen normalkuntza helburu izan behar duela. Horretarako, beharrezko jotzen du normalizazio plana egin eta garatzea, eta hainbat sektoretako eragileak biltzea. Behar diren baliabide pertsonal eta ekonomikoak bideratzea ere ezinbesteko jotzen du EHEk, eta, adibidez, aurrekontuen %2 euskararen normalkuntzan eragin zuzena izango duten egitasmoetara bideratzea. Horrez gain, proposatu du langile euskaldunak kontratatzea eta langileak euskalduntzeko plan eraginkorrak ezartzea.
|