- Top 14ko finala
Biarritzek iaz lortutakoari ez dio ihes egiten utzi nahi
·Betsen eta Traille osatu dira, eta hasierako hamabostekoan izango dira biak
BIARRITZ
Iritsi da eguna, Biarritzek gaur jokatuko du hiru astean jokatu behar duen bigarren finala. Maiatzaren amaieran Europako Kopako finala jokatu zuen, eta gaur, berriz, Ligako finala izango du. Ilusio handia dago Biarritzen, baina kezka ere bai, Europako Kopako finala galdu egin baitzuten, eta hiru astean bi final galtzeak kolpe handia emango bailieke, bai zaleei, baita jokalariei ere.Zaleak atzoko entrenamenduaren zain zeuden, Traille eta Betsenen inguruan zer gertatuko zen zain baitzeuden zale guztiak. Kolpatuta egon dira, eta atzoko entrenamenduaren ostean erabaki behar zen jokatuko zuten edo ez, eta ez da ezusterik egon, biak egongo baitira gaur arratsaldeko hamabostekoan. Ezustea beste bat izan da, Laguisquet entrenatzaileak Lievremont kapitaina aulkian uztea erabaki du, eta haren ordez Dusautoir arituko da hirugarren lerroan. Erabaki horren arrazoiak Patrice Laguisquetek, taldeko entrenatzaileak, eman zituen. «Erabakia teknikoa izan da. Gure ustez hirugarren lerroa indartu egin behar genuen, eta Dusatoirrentzat partida egokia zela uste genuen. Lievremontentzat zaila eta gogorra izango da, bera baita, gainera, gure kapitaina, baina ongi hartu du, eta hori da taldearentzat garrantzitsuena», adierazi zuen entrenatzaileak. Partidari buruz zera esan zuen: «Lehen hogei minututan entsegu bat egitea garrantzitsua izango da. Inork lortzen ez badu, partida gogortu egingo da. Uste dut neurketa ona izango dela, bi taldeak erasora ongi aritzen gara, eta ikuskizuna izango dela iruditzen zait», esan zuen. Tolosak ere aste osoan zalantza handia izan zuen Clerc jokalariarekin, kolpatuta amaitu baitzuen finalerdia, eta aste osoan ez du behar bezala entrenatzerik izan. Atzoko lan saioaren ostean, ordea, hura ere hamabostekoan izango zela erabaki zuten tolosarren entrenatzaileak. Partidari dagokionean, neurketa zaila izango da, baina bientzat, biak baitoaz irabazteko premiarekin. Denboraldia helburu horrekin eta Europako koparekin egin zuten, eta oraindik ezer irabazi ez dutenez, hau da denboraldia bikain amaitzeko geratzen zaien gauza bakarra. Biarritz da egungo txapelduna, eta Liga erregularrean ere lehenengo izan da. Haiek aterako dira garaipena lortzeko faborito. Tolosa ere talde handia da, eta horretan ez du inork zalantzarik. Liga erregularrean hirugarren geratu dira, baina finalerdietan Stade Français menderatu zuten 12 eta 9, Biarritzek Perpinyaren aurka lortu zuen emaitza berarekin, alegia. Bi talde horiek final dezente jokatu dituzte azkeneko hamar urteetan, eta jokatutako final guztiak irabazi egin dituzte bai Biarritzek eta bai Tolosak, eta gaur bietakoren batek galdu egin beharko du. Tolosak 96an, 97an, 99an eta 2001ean jokatu eta irabazi ditu finalak, eta Biarritzek, berriz, gauza bera egin zuen 2002an eta 2005ean.
Talde gogorrak
Gaur aurrez aurre Ligan punturik gehien egin dituen taldea eta gutxien jaso dituena neurtuko dira. Tolosa da punturik gehien egin dituena 713, hain zuzen; Biarritz baino 19 puntu gehiago egin ditu.Biarritz da, berriz, punturik gutxien jaso dituen taldea, 350 puntu bakarrik egin baitizkiote, eta horrek garbi uzten du taldeak atzean duen indarra. Tolosak 427 puntu jaso ditu. Zaleei dagokienean, Euskal Herritik 8.000 inguru joan dira Frantziako hiriburura, eta hango euskaldunekin batuta, 15.000 euskaltzale inguru espero dituzte harmailetan.
|