Dantza eguneroko bizi guneetara hedatzen delarik
Dantza inprobisatuekin hasi zen atzo Biarritzen Maitaldia jaialdia. Bernard Menaut koreografoak bere «Abentura extra-koreografikoak» lana erakutsi zuen Biarrizko hainbat lekutan. Goizean, merkatuan agertu zen dantzaria tuba-jotzailea lagun zuela, eta bertako giroari egokituz, behin-behineko koreografia eskaini zuen. Ondotik, Bellevuen eta Gare du Midin ere aritu zen.
BIARRITZ
Maitaldia jaialdia edo dantza maitatzeko aldia Biarritzen barneratzen hasi zen atzo. Herritarrei mota guztietako dantzez gozatzeko aukera emateko xedearekin, jaialdiak Bernard Menaut koreografoari esker ezohiko ikusgarria eskaini zuen atzo, eta hala, egun osoan herriko gune ezberdinetan dantza hedatzea lortu zuen.Biarrizko merkatuan hasita, bere «Abentura extra-koreografiakoak» lana erakutsi zuen Bellevue aretoaren aurreko plazan, baita Gare du Midiko barneko gelan ere. Daniel Malavergne tuba-jotzailea lagun zuela, goizeko emanaldian merkatuko arrandegitik abiatu eta, hogei bat ikuslez inguraturik, lekuko saltokiak zeharkatu zituen dantza inprobisatuak eginez. Izan ere, «abentura extra-koreografiko» horiek dantza hirietan hedatzea dute helburu. 1999an hasi zen dantza horiek egiten, eta atzo Biarritzen eskainitakoak 141. eta 143. «abenturak» izan ziren.
Merkatutik Gare du Midira «Ikusgarri bakoitza zenbatua dago, eta herriz herri ibiltzen gara, gure dantza lekuari egokituz», esan zuen dantzariaren ordezkariak. Dotore jantzita, Bernard Menautek eta bere musikariak eguneroko bizitzan agertzen diren irudiak bere egiten dituzte eta behin-behineko koreografia berria azaltzen dute. Performace antzeko ikusgarria gunearen arabera aldatzen zela nabarmendu zuen. «Ez dugu sekula ikusgarri bera ematen, horregatik, guztiak zenbatuta daude», erantsi zuen. Atzo goizeko emanaldia arrakastatsua izan zen. Bi gizonak, dotore jantzita, saltokiz saltoki ibili ziren dantza akrobaziak egiten. Arratsaldeko seietan Bellevue aretoaren aurrean eskainiriko bigarren «abentura», berriz, lehenarekin alderatuz gero, guztiz ezberdina izan zen. Merkatuko saltokietan saltoka eta dantzan aritu zelarik, Menautek guztiz bat egin zuen Bellevue aretoko paisaiarekin eta giroarekin, eta ikuskizuna bera guztiz ezberdina izan zen. “Abentura extra-koreografikoak” lanarekin Biarritzek hamar egunez herrian hedatuko den Maitaldia jaialdiari ongietorria eman zion.
Brontzezko eskultura erraldoiak
A.B.
BIARRITZ Alderdi guztietatik dantzaren artea zabaltzea da Biarrizko jaialdiaren helburua. Ikuskizun bereziak eskaintzeaz gain, aurten, antolatzaileek bere artean dantza gai nagusitzat duen Monette Loza eskultorearen obrak jarri dituzte ikusgai Gare du Midi aretoko gela nagusian. Sortzez belgikarra den artistaren brontzezko hogei bat eskultura erraldoi ikus daitezke bertan irailaren 17a arte. Monette Loza dantzaria izan da luzaz. Eta, arte mota horren maitasuna bere obretan dago islatua. Gare du Midin dauden bere lehenengo obrek argi adierazten dute dantzarekiko lotura hori. “Le grand plie one”, “Le grand plie two” edo “Le grand plie tree” izeneko eskulturak dira harreman horren adierazle nabarmenenak. Eskultura luze eta meheak dantzan jarri ditu Monette Lozek. Baina, bere lehen obra horiekin, egungo Monetten lana agerian jartzen duten bigarren eskultura serie bat ere badago ikusgai Biarrizko areto nagusian. «Nekostak asko gustatzen zaizkio Monetteri. Burdinaz eginak, dantzaren dinamika atxikitzen dute», argitu zuten antolatzaileek.
|