Mahai-ingurua eta poema errezitaldia egin zituzten Esloveniako Jaialdian
VILENICA
Esloveniako 21. Vilenica Jaialdiaren barruan, euskal idazleen jarduna izan zen atzo egitarau nagusiaren ardatz. Izan ere, arratsaldeko lehen orduetatik hasita, “Etzikoak: to write in euskara, the basque language, today and tomorrow” izeneko mahai-ingurua izan baitzen atzo Esloveniako Idazleen Elkartearen egoitzan.
Literature Across Frontiers elkarteko zuzendari Alexandra Büchlerrek, Esloveniako kazetari Franco Jurik, Mari Jose Olaziregik, Ricardo Arregik eta Juan Ramon Makusok jardun zuten Marjeta Drobnic-ek zuzendutako ekitaldian. Jakin-mina eta harrera beroa eragin zuen saioak, aretoa gainezka baitzegoen eta jendeak hainbat galdera ere egin baitzituen ordu eta erdi iraun zuen saioan.
Euskal literaturaren nazioarteko sustapena, itzulpengintzaren egoera, gure literaturaren joera eta gai nagusiak, eta euskal errealitate politikoak literaturan duen presentzia edo presentziarik eza izan ziren, besteak beste, mintzagai nagusiak. “Etzikoak” izenburupean eslovenieraz argitara eman den euskal literaturaren antologiaren aitzakian, euskal idazleek gaur egun duten konpromiso nagusia literaturarekikoa dela nabarmendu zen, sortzaile eta irakurle on izateko ahaleginak eragindako konpromisoa, hain justu. Era berean, hizkuntza gutxituetako batzuekin, hala nola, esloveniar literaturarekin ditugun antzekotasun historikoak jakinarazi zituzten idazle nahiz entzule esloveniarrek.
Mahai-ingurua amaitu zenean, Esloveniar Idazleen Elkartearen egoitzak duen lorategian euskal idazleek poesia irakurraldia egin zuten. Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Ricardo Arregik euskaraz irakurri zituzten euren poema batzuk eta Marjeta Prelesnik Drozg itzultzaileak eslovenierara itzulitako lana.
Giro beroa eta entzuleen irribarre eta konplizitatea nabarmenduko genituzke, baita oraingoan ere bertaratutakoen kopurua ere.
|