Floren Aoiz
Optimismoa?
Ia egun berean Arnaldo Otegiren eta Rodriguez Zapateroren adierazpenak jaso ditugu, eta bietan agertzen ziren prozesuari buruzko aipamenak. Tonuak, berriz, hagitz ezberdinak. Batasunaren ustez, blokeo egoeran gaude, eta urratsak egin behar dira krisialdia gainditzeko. Zapaterok lasaitasun irudia eman nahi izan du, eta prozesua luzea eta zaila izanen dela errepikatu du. Irakurketa sinple batetik ondorioztatzen ahal da ezker abertzalean urduritasuna nagusitzen dela, eta lasaitasuna Gobernu espainolean. Horixe da batzuek egin duten interpretazioa, eta honek arrasto bat ematen digu: komunikazioaren (manipulazioaren) jendarteak dira gureak, eta hemen, dena komunikazioa denez gero, mezuak ez ezik irudiak ere oso garrantzitsuak dira. Zapateroren «optimismoa» eta «lasaitasuna», beraz, irudi zehatz bat emateko erabiltzen dira. Nahita bilatutako irudiak dira, ongi kalkulatutakoak. Otegiren kezkak nondik datozen ikertzea ez da zaila. Begi-bistan dago asteak pasatzen direla aurrerapenik gabe eta, gainera, errepresioaren nagusitasuna areagotzen ari da, edozeinek ikusten ahal duenez. Non oinarritzen da, berriz, Zapateroren optimismoa? Berak aitortu du ETArekiko kontaktuei ekinen dietela, hau da, onartu du ez dela inolako aurrerapenik izan udara honetan. Ez zen hori udara aurretik iragarri zuena, eta ez gaude agenda arazoen aitzin. Aurrerapen eza horrek arrazoi sakonak ditu, eta badu esanahi garrantzitsua. Baina hori baldin bada ETA-gobernuen esparruaren egoera, bestean panorama ez da pozgarriagoa. Eztabaida-tranpak ugaldu dira: mahai kopurua, Batasunaren legeztapena, prozesuaren mugak...: nahasketa eragin nahi izan dute batzuek, urratsik egin ez dutela disimulatzeko. Hor dago koska, hain zuzen: urratsik egin gabe ez dago prozesua aurrera eramaterik. Optimismoa ez da txarra prozesua oztopoen gainetik bultza- tzeko euskarria bilakatzen delarik, baina uste dut ez gaudela horrelako optimismoaren aurrean. Zapaterorena keinu bat da, «pose» bat, ardurari ihes egin eta zama besteengan uzteko asmoaren agerpena. Zapateroren optimismoak ez nau lasaitzen, beraz. Dena den, ez dut ahantzi nahi Otegik ere optimismo hitza erabili duela, beste ikuspegi batetik izan arren. Nik ere optimismoa sentitzen dut gure jendartearen indarra aintzat hartuta. Hor dago prozesuaren motorra, eta benetan pizten baldin bada, muga anitz hausten ahal ditu. Hala bedi! -
|