Hondarribiko jaiak
Guadalupeko Amari eskerrak eman ostean azken txanpan sartu dira jaiak
Jaien erdigunea zeharkatu ostean azken txanpan ari dira sartzen jaiak eta, atzo, santutegirako bidea eta Guadalupeko Amari egindako botoa betetzea izan zen ekitaldi nagusia. Hemendik aurrerakoari dagokionez, musika ekitaldiek hartuko dute nagusitasuna eta, gaur, «Uraren magia» ekimena eta Euskadi-Katalunia kantaldia nabarmendu behar dira.
HONDARRIBIA
Goizeko lehen ordutik ekin zioten atzo hondarribiarrek Guadalupeko Ama Birjinaren jaiak ospatzeari. Danbor hotsez eta Ciudad de Hondarribia taldearen musikaz jaiki eta 1.638 urtean herria 69 eguneko setiotik libratu zela ospatzeko, Guadalupeko Amaren santutegian bildu ziren herritarrak eta bertan entzun zuten ohitura den urteroko meza. Hartara, beste urtebetez herriak Ama Birjinari egindako botoa berretsi zuen.Udal ordezkariek ere parte hartu zuten ekitaldi horretan eta, jaien aurkezpen ekitaldian azaldu zuten bezala, aurtengo jaietarako antolatu dituzten jarduera sortak beteko ditu herriko kaleak hurrengo egunetan ere. Izan ere, gaurko ekimen ugari prestatu dituzte jaietan giro onean jarraitzeko. Xabier Gezala Hondarribiko Kultura, Kirol, Merkataritza eta Turismo zinegotziak Gernikako Arbola plazan egingo duten eta “Uraren magia” izenpean aurkeztu duten ur, soinu eta argi ikuskizuna nabarmendu zuen eta, horrekin batera, aipamen berezia egin zion Euskadi-Katalunia kantaldiari. Bertan Joan Isaac Esplugues de Llobregateko (Bartzelona) abeslariak eta Gorka Knörrek hartuko dute parte. Gaurko ekitaldien artean sokamuturra ere izango da eta, Udalak adierazi duenez, «erabat galarazita» egongo da 14 urtetik beherakoek ekimen horretan parte hartzea. Gainerako ekitaldien artean, aipagarria da bihar 11.00etatik 13.30era Markos Deunaren enparantzan jendea garraia dezakeen tren txikiena bisitatzeko aukera izango dela. Aipatu trena bost hazbete luze da eta bertaratzen denak probatzeko aukera izango du (euririk egingo balu ekimena Jostaldi frontoian izango litzateke).
Musika ekitaldiak nagusi
HONDARRIBIA Udalak kasik 170.000 euro erabili ditu aurtengo jaiak antolatzeko eta aurrekontu horren zati garrantzitsu bat adin guztietako jendearen gustukoa izatea espero den musika egitarau zabala osatzera zuzendu duela azaldu du. Herrialde ugaritako musika izango da entzungai Hondarribian Brasil, Mexiko, Argentina... eta bertako taldeak ere izango dira Su Ta Gar, Pitita Xagarxaxu, Jawata DJa....Gaurko egitaraua
09.00: Diana Uranzuko dultzaina-jotzaileekin. 09.00: Armen Plazan, Kale Orientaziorako II. Karrerarako izen-ematea. 11.00: Bonsai eta suiseki landareen erakusketaren irekiera Zuloaga plazan. 12.00: Buruhandi eta erraldoiak. 12.30: Sokamuturra Kale Nagusian. 15.00: San Telmon, 35. Mini Foso Txapelketa. 17.00: Bonsai eta suiseki landareen erakusketa. 18.00: Kukubiltxo ikuskizuna Gipuzkoa plazan. 19.00: Zarpai Banda fanfarrea herriko kaleetan. 19.30: Arma Plazan, “Esencia Argentina” ikuskizuna. 22.00: Ur, argi eta soinu ikuskizuna. 23.00: Euskadi-Katalunia kantaldia. 23.00: Pal Keli eta Mama Ladilla taldeen kontzertua.
|