- Top 14
BO makal aritu da, baina lau puntuak eskuratu ditu
·Lapurtarren defentsa lanak erasoko ideia falta ezkutatu ahal du
BIARRITZ 12 BOURGOIN 6
Biarritz: Brusque (B. Dambielle, 78), Masi, Cabannes,
Traille, Bobo, Peyrelongue, Yachvili, Dridi (T. Hall, 40), Harinordoki, Betsen,
Carizza (Padro, 56), Dellape, Lecouls (August, 68), August (kap) (Noirot, 56),
Lealamanu'a (Moala, 64). Bourgoin: Denos, Janin (Carmona, 66), Boussès, Finau
(Giorgadze, 73), Coux, Laloo, Prendergast (M. Forest, 61), Bonnaire (kap),
Jooste (Cabello, 38-47), Rennie (Frier, 59), Williams, Pierre, Sourgens
(Vigneaux, 67), Vigneaux, Milloud (Kinchagishvili, 21). Epailea: Mene
(Provenza). Denbora baterako kaleratua Vigneaux (37). Puntuak: Biarritz: 4 zigor
kolpe, Yachvili (4, 33, 40, 64). Bourgoin: 2 zigor kolpe, Laloo (2, 9).
Gorabeherak: 7.000 ikusle inguru Agilerako estadioan.
BIARRITZ
Biarritzek gorriak ikusi zituen atzo garaipenaren lau puntuak eskuratzeko. Izan ere, jardunaldiari aurrea hartu zion neurketan, Bourgoinek ez zituen gauzak erraz ipini.Aurkariak ederki aritu ziren aurreko aldean, mugikortasun handia erakusten, eta gutxigatik ez zuten zerbait lortu bisitan. Hori bai, etxekoek defentsako bonusa ere eskuratu zuten, eta oraingoz hirugarren lekuraino igo dira. Kanpotarrek tinko ekin zioten lanari, BOren aurrelari multzoari lan handia eginarazten. Bikain lurrean eta baloiak berreskuratzen. Boyet jaurtitzaileak infekzioa zuen oin batean eta haren ordez Laloo aritu zen. Horrek, ordea, ondo ostikatu zituen bai 0-3koa, bai 3-6koa, eta aurretik mantendu zuen taldea; hastapenean, bederen. Biarritzek aspaldian jakinekoak diren hutsuneak zituen (Thion, Couzinet, Balan, Gobelet, Bidabe, Lievremont), eta erasoan ideia garbirik ez bazuen ere, defentsa lanak arnasa eman zion. Zorionez, Vigneaux-ek txartel horia ikusi zuen, eta Yachvilik, atsedenaldia iritsi aurretik, euskaldunak aurretik ipintzeko aprobetxatu zuen. Haridornoki bikain aritu zen eta BOk neurketa bere gain hartu zuen. Lalook aukera paregabea galdu zuen taldea berriro ere parean jartzeko, eta Yachvilik ez zuen barkatu (12-6); ia bigarren zati osoan aurkarien zelaian jokatzearen saria. Handik aurrera, defentsak erasoak baino hobeak izan ziren eta neurketa nahiko txarra bilakatu zen. Garrantzitsuena, ordea, lau puntuak ziren.
|