Patxi Gaztelumendi - bipuntuzero.org ekimenaren izenean
Euskal Herria 2.0
Informazioaren aroa esaten diogu. Bizi dugun hau. Informazio eta Komunikazio Teknologia berrien (IKT) sasoia. Mundua gobernatzen duten ekonomilariek, edo jabeek, globalizazioa esango dute. Eta internet izan daiteke horren guztiaren isla. Sare bat, mundu osokoa, elkar komunikatzen duena, mundu berria sortzen eta eragiten ari dena. Pertsonek eta makinek osatzen dute, elkarte eta erakundeek, herri mugimendu eta norbanakoek, ekonomiak eta kulturak, hizkuntza eta software programa ezberdinek. XXI. mendean mundua dagoen bezala dago, eta argazkia ikus dezakegu gure etxeko pantailatik bertatik. Leiho bat daukagu munduari so, eta leihotik haririk gabe sartzen zaizkigu albiste eta berriak. Internet ez da gauza zaharra, baina aspaldikoa da. Dagoeneko 10 urte baino gehiago badira gure artean dagoela. Eta etengabe aldatzen ari da, aldatzen dugu, sortzen dute, erabiltzen dugu, ikusten da, ikasten dugu, ahalegintzen gara eta aldaketen motor gara erabiltzaileok. Erabiltzaileen neurrira egokitzen delako Internet bera. Zorionez. Eta, agian, azken hilabeteotan interneten bolo-bolo dabilen berba hori ezaguna egingo zaigu: web 2.0. Tim O’Reillyk asmatu zuen iaz, eta dagoeneko guk ere erabiltzen dugu. Azkar ikasi dugu, eta baliatzen dugu. Gainera, O’Reilly hori ere aurki Euskal Herrian izango da, Gasteizen. Euskaraz zelan esaten den erakutsi ahal izango diogu. Ohitura berriak ari gara ikasten, lanerako sistema ezberdinak, aisialdirako eskaintza paregabeak: e-posta, webguneak, wikiak, blogak, hiztegiak online, aldiz- kari berriak, txatak, bat-bateko mezularitza... zer ez daukagun aukeran. Belaunaldiz belaunaldi interneten murgiltzeko ahalegina egiten ari gara mundu osoan. Garatuan eta azpigaratuan. Zeinean gaude gu, baina? Internet bizi dugun garaiaren ispilu da, leiho, ate. Altzari bat gehiago gure etxeetan, hizketarako gai solasaldietan, albiste iturri kontrastagarria komunikabideetan, ekonomiako giltzarri eta nazio berrien isla. Hori eta gehiago da. Bizi dugun garaiaren argazki.
Hemen eta munduan Hitzak eta joerak asmatzea du bizibide internetek. Eta horretan gabiltza gu ere. Eta guk ere Euskal Herrian norabide berria nahi dugu hartu. Egunez egun eraikitzen ari garen nazio txiki bat da gurea. Esparruz esparru sortzen eta garatzen ari den herri zahar bat. Bizi gura duen hizkuntza bat daukagu, Iruña-Veleian bezala, wikipedian bizi-bizi dagoena. Bernat Etxepareren letra inprimatuak jalgi hadi plazara! blogetako post ezberdinetan irakur daitezke. Karrantzatik edo Baionako lizeotik. New Yorkeko karriketatik San Fermin jaiak jarraitzen dituzten bezala, Saharako basamortutik mezuak igortzen dizkigute. Interneten bagara. Bagaude.
Euskal Herria mundu da. Munduko herri bat. Eta gure herriak badu, izan behar luke, nahi du izan; munduko herri, munduaren berri. Eta Internet lanabes gisa hartzen ahal du horretarako. Bizitzeko, garatzeko, irauteko, izateko, egiteko, sortzeko, lantzeko, erakusteko, ikasteko... ekintzadun aditzak dira denak. Egonean barik eginean aritzeko formak. Interneten bezala, jendartean. Ekonomian, kirolean, egunerokotasunean, hemen. Horretarako gure identitatea agertu behar du munduaren aurrean. Hizkuntza zahar bat edukitzeagatik baino gehiago, euskara moderno bat daukagulako ezagutu behar gaituzte. Nortasunaren ikur, Santimami- ñen barik, San Mamesen erakutsi behar dugu. Mundialetara selekzioa eraman behar dugu, eta Tourreko gure ikurrinak astindu behar ditugu munduko webgune, software eta agerkari digitaletan. Gure abeslarien hitzak eta poeten kantuak, artisten margoak eta sukaldarien ogitartekoak erakutsi behar ditugu munduko txosna guztietan. Nazio identitarioa gara mundu ibiltari honetan. Gu geu izan nahi dugu, kolore bakarreko mundu globalizatuaren aurrean.
Kataluniako adibidea Horregatik pozez hartu genuen urte hasieran katalanek .cat dominioa eskuratzeko egin zuten ahalegi- naren saria. Urteak hori erdietsi nahian, eta osorik lortu dute. Hizkuntza eta kulturaren ikur bilakatu da. 15.000 gune baino gehiago sortu dituzte dominio horrekin. Eta garatzen ari dira. Horregatik gure ondoan nahi ditugu haiek, bidea zelan egin ikasteko. Hizkuntza bizia da han. Biziarazi dute interneten ere. Ekonomia indartsua izan dute beti, eta horrela jarraitzen dute esparru digitalean ere. Presentzia eta konstantzia, hango arau eta lan molde. Honako ere egokiak izan daitezkeenak.
Eta kezka horien bueltan batu gara hainbat lagun. Kolektibo, lantoki, herri eta elkarte ezberdinetako zenbait kide. Komunitate bat osatu guran, bipuntuzero.org ekimena abiatu dugu. Jardunaldi batzuk antolatu eta bide berriak ireki gura ditu- gu. Bide berriak hartzeko aukera zabalak ikusten ditugulako. Informazioaren autopistetan oinez, bizikletaz edo abiadura handiz ibiltzea badagoelako. Eta herri honek hartzen duen norabidean, iparra ez dugulako galdu nahi. Ibiliak gara lehena- go ere itsaso handietan. Arraunlari onak ditugu, txalupa egokiak, patroirik ez da falta eta bagoaz abante. Horregatik Euskal Herri berri eta ezberdin bat egin gura dugunok internet ere baliatzen dugu. Bizitzako arlo guztietan ere, pertsonal zein kolektiboetan, baliagarri zaigulako. Munduan egiten dena gurean ere sortzeko, eta guk sortzen dugunak munduan eragiteko. Lokalizazioa eta internazionalizazioa esaten omen diote horri. Hori ere ikasi dugu. Ikasten ari gara. Horretarako batuko gara gaur, egunotan, Donostiako Artelekun. Horretaz mintzatzeko. Zu eta ni. Edonor. Gu garelako nahi dugun herri hori. Ez ahantzi: 2.0. Bi zita, zatoz bisitan. -
|