Ezker abertzaleak manifestazioetara deitu du autodeterminazioa eskatzeko
Ezker abertzaleak irailaren 30erako larunbata deitutako manifestazioekin hasiera emango dio «Euskal Herriak autodeterminazioa» dinamikari. Datozen hilabeteetan Euskal Herriko auzoetan eta herrietan garatuko duten kanpaina maila lokalekoa, anitza eta ikusgarria izango dela azaldu zuten atzo Donostian egindako agerraldian.
DONOSTIA
Joan den larunbatean Burlatan aurkeztutako «Euskal Herriak autodeterminazioa» dinamikaren abiapuntu nagusia datorren irailaren 30ean izango da, manifestazioetara deitu baitute Euskal Herriko bost hiriburutan; horixe jakinarazi zuten atzo agerraldi baten bidez.«Euskal Herriak autodeterminazioa» lelopean, ezker abertzaleko erreferente andana bildu zen atzo Donostian. Euska- raren alorrean dabiltzan militanteak, hezkuntzakoak, abokatuak, Batasuneko mahaikideak, LABeko kideak... izan ziren han bertaratutakoak. Izen batzuk aipatzearren: Patxi Urrutia, Marixabel Gaztañaga, Txomin Ziluaga, Ane Zelaia, Inaxio Agirre, Marije Fullaondo... Haien guztien izenean Expe Iriartek eta Julen Kaltzadak hartu zuten hitza. Euskal Herrian abiatutako prozesu demokratikoa «une oso zailetatik» igarotzen ari dela azaldu zuten bertaratutakoek, eta blokeo egoera horren erantzule nagusi PSOE jo zuten. «Prozesua denboran luzatu eta desitxuratzeko saiakeran» ibiltzea leporatu zioten Zapateroren alderdiari, eta ezker abertzalea baldintzatzeko eta ahultzeko estrategia garatzen duela kritikatu zuen Iriartek. EAJ, aldiz, zeregin horretan PSOEren bidelagun fidela dela salatu zuen.
Hitza eta erabakia Euskal herritarren hitza eta erabakia aitortzea eta errespetua kokatu zituzten konponbidearen oinarri gisa, eta bi elementu horietan oinarritutako pro- zesua abiatu behar dela aldarrikatu zuten atzo Donostiara bertaratutako ezkertiar eta abertzaleek. Azken finean, Euskal Herriaren autodeterminazioa eta lurraldetasuna ardatz eta helburu dituen prozesuaren alde arituko direla adierazi zuten, eta beren «kapital politikoa eta militantea» helburu horren zerbitzura jarriko dituztela.
«Euskal Herriak autodeterminazioa» dinamikaren bidez Euskal Herria «konponbidera gidatu» nahi dutela adierazi zuten atzo bertaratutakoek, eta dinamikari abiapuntu indartsu bat emateko xedez, kanpainaren lelo berberarekin manifestazioetara deitu dute datorren larunbaterako, irailak 30, Baionan, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian.
Dinamika lokala, anitza eta ikusgarria
O.L
DONOSTIA Euskal Herrian irtenbidea aurkitzeko gertatzen den blokeo egoera gainditzeko lanean, autodeterminazioaren aldeko dinamikak ekarpena egin- go duela azaldu zuten bertaratutakoek, eta, halaber, datozen hilabeteetan garatuko duten dinamikaren nondik norakoak argitu zituzten. Julen Kaltzadaren esanetan, gatazka konpontzeko ezinbestekoak diren gutxiengo baldintza demokratikoak zabaltzea da dinamikaren xede politikoa. Bestetik, baldintza minimo horien inguruan «indarrak biltzea» ezinbestekotzat jo zuen. Herriz herri eta auzoz auzo garatuko duten dinamika lokala izango da «Euskal Herriak autodeterminazioa», eta mota guztietako ekimenek osatuko dute: hitzaldiak, kultur ekitaldiak, mobilizazioak... Konponbide demokratikoa bultzatzeko «hamaika aukera» daudela adierazi zuen Kaltzadak, eta, hori dela-eta, dinamika bera lantzea eta planifikatzea herrien esku egongo dela jakinarazi zuen. Hori horrela, dinamika ikusgarria izango dela aurreratu zuten, eta «Euskal Herria autodeterminazio koloreekin janzteko» deia egin zuten.
|